Politika -
Eusko Jaurlaritzaren galdeketa
Gai politikoen inguruan erreferendumak egitearen alde daude herritarren hiru laurden
Bestalde, eta onartezinak diren jokaerei buruz galdetuta, gehiengo oso zabal batek honakoa aipatu du: lanera ez joatea gaixotasun baten aitzakian. Kontrara, tolerantzia gehiago dago errepidean abiadura muga gainditzeari buruz.
Agentziak | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarren % 75ek uste dute erreferendumak "modu ona" direla garrantzitsuak diren gai politikoen inguruko erabakiak hartzeko. Iritzi hori hazi egin da, gainera, 2021eko datuekin alderatuta. Era berean, are gehiago igo da (12 puntu) herritarrek gobernuak hartzen dituen erabakietan eragiteko duen gaitasunean sinisten dutenen kopurua (% 35ek hori uste dute).
Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako galdeketa baten emaitzak dira honakoak. Oraingo honetan kultura demokratikoaren inguruko gaien inguruan itaundu zaio EAEko gizarteari. Inkesta otsailaren 14tik 17ra egin zuten, etxeetan 1.026 elkarrizketa eginda.
Galdeketaren arabera, gero eta handiagoa da EAEko herritarrek politikan duten interesa. Hala, 2010ean itaundutakoen % 20k baino ez zioten politikan nolabaiteko interesa ("interes handia edo nahikoa") zutela. Gaur egun, % 42koa da ehuneko hori. Dena den, oraindik ere % 58 dira politikan interes "gutxi edo batere ez" dutela diotenak.
Parte hartze mailari buruz itaunduta, mantendu edo zertxobait txikitu dira parte hartze "aktiboa" eskatzen duten jarduerak. Hala nola, manifestazio batera joatea (% 37), greba batean parte hartzea (% 20) edo Interneten eztabaida politikoko foro edo talde batean parte hartzea (% 8).
Bestalde, talde edo elkarteetan parte hartzeari dagokionez, % 26k adierazi dute baten bateko kide direla, parte hartze maila handiagoarekin edo txikiagoarekin. Ehuneko hori Espainiako Estatuko batez bestekoa baino dezente handiagoa da (% 17).
Zer ezin dugu jasan gizarte moduan?
Halaber, gizarte moduan onartezinak iruditzen zaizkigun jokaeren inguruan ere galdetu diete herritarrei. Honako hauek dira gutxien onartzen direnak: lanera ez joatea gaixotasun baten aitzakian (% 91k uste dute ezin dela inolaz ere onartu), delitu bat ikusitakoan ez salatzea (% 86) eta ordaindu gabe metroan, autobusean, edo trenean sartzea (% 85).
Intolerantzia maila zertxobait txikiagoa da beste bi kasuetan: merkatari edo profesional batekin hitzartzea BEZa ez kobratzea produktu edo zerbitzu batengatik gutxiago ordaintzeko (% 75) eta errepidean abiadura muga gainditzea (% 68). Azken kasu horretan, agerikoa da gizonen eta emakumeen artean dagoen aldea: andrazko gehienek uste dute onartezina dela errepidean arinegi joatea (% 75), aldiz, gizonezkoak permisiboagoak dira gai horretan (% 59).