Politika -
Hauteskunde orokorrak
Yolanda Diazek apirilaren 2an iragarriko du Espainiako Gobernurako presidentegaia den
Madrilen ekitaldia antolatu du Sumar plataformak, azken hilabeteetan egindako "entzute prozesuari" amaiera emateko. Podemosek Estatuko Kontseilu Herritarra bildu eta biharamunean iragarriko du erabakia Diazek.
Agencias | EITB Media
Yolanda Diaz Espainiako presidenteorde bigarrenak datorren apirilaren 2an iragarriko du, Sumar ekimenak Madrilen antolatu duen ekitaldi batean, Espainiako hauteskunde orokorretan hautagai izango ote den.
Hala iragarri du plataformak berak sare sozialetan duen profilean. Horren arabera, Madrilgo Antonio Magariños polikiroldegian ekitaldia egingo dute, orain arte egindako "entzute prozesuari" amaiera emateko eta fase berri bati ekiteko.
Atzo, Sevillan izan zen Diaz, eta han ere antzerako iragarpena egin zuen, data zehaztu ez bazuen ere. "Nire bizitzako erabakia hartuko dut berehala", esan zuen.
Ezkerraren batasuna ere aldarrikatu zuen ekitaldian, Podemosi erreferentzia eginda eta Pablo Iglesias buruzagi ohiaren adierazpen batzuk parafraseatzen: "Programa politikoaren % 90ean bat egiten badugu, maila eman behar dugu erronka honetan".
Diazen erabakia Podemosek bere Estatuko Kontseilu Herritarra bildu (apirilaren 1ean da) eta biharamunean jakingo da.
Hilabeteotan Espainiako Estatuko 16 erkidegotan, tartean EAEn eta Nafarroan, izan da Diaz Sumar plataforma aurkezten eta herritarren iritziak entzuten. 20.000 bat pertsonak hartu dute parte, ekimenaren arabera.