Politika -

MEMORIA HISTORIKOA

Pasaiako segadako biktimak gogoratzeko lore eskaintza egingo dute gaur Azpeitian, 39. urteurrenean

Lore eskaintza Azpeitiko Enparan Dorretxearen atzeko monolitoan egingo da, 19:00etan. Urteurrenaren bueltako ekitaldi nagusia, ordea, larunbat arratsaldean egingo da, Azpeitiko Azoka Plazan.

Pasaiako segada salatzeko elkarretaratzea. Artxiboko argazkia: EITB Media
Pasaiako segada salatzeko elkarretaratzea. Artxiboko argazkia: EITB Media
Pasaiako segada salatzeko elkarretaratzea. Artxiboko argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaurko egunez, duela 39 urte, Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituzten Pasaian: Dioni Aizpuru, Jose Mari Izura, Rafa Delas eta Pedro Mari Isart. Urteurrenaren bueltan, hainbat ekitaldi antolatu dituzte; nagusia, martxoaren 25ean, Azpeitiko Azoka Plazan, 19:00etan hasita. Azken urteetan, ekitaldi nagusia gai konkretu batekin lotu izan dute (Estatuaren indarkeria, 1984 nobela, tortura…). Aurtengoan, erbestearen inguruan sakonduko dute.

Hala ere, egunarekin bat eginez, lore eskaintza egingo dute gaur Azpeitiko Enparan Dorretxearen atzeko monolitoan, 19:00etan. 

Espainiako Gobernuak tiroketa batean hil zituztela esan du beti, baina 113 bala zulo aurkitu zituzten Dioni Aizpuru eta Pedro Mari Isart azpeitiarren eta Rafa Delas eta Jose Mari Izura iruindarren gorputzetan.

Hildakoen senideek gertatutakoa argitzeko hainbat auzibide hartu dituzte, baina, gaur-gaurkoz, ez da arduradunik epaitu.

Martxoaren 28an, identifikazio saioa Donostiako epaitegian

Joseba Merino Pasaiako badiatik bizirik atera zen Komando Autonomo Antikapitalistetako kide bakarraren ekimenez, Justiziak berriro ireki du auzia. Espainiako telebista publikoaren artxiboko irudiak ikusi ondoren uste du ezagutu duela segada hartan parte hartu zuen polizietako bat, eta martxoaren 28an identifikazio saioan parte hartuko du.

Zehazki, zazpi poliziak parte hartuko dute identifikazio saioan. Egun horretan, kontzentrazioa egingo dute Donostiako Auzitegi Nagusiaren parean, 10:00etan, "Pasaiako sarraskia ikertu eta argitu!" lelopean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Prentsa digitalaren azken orduko Pasaia Albisteak Memoria Historikoa