Politika -

PASAIAKO SARRASKIA

Pasaiako sarraskia "exekuzio estrajudiziala" izan zela ondorioztatu du Eusko Jaurlaritzaren txosten batek

2020an egindako txosten bat jaso berri dute Pasaiako sarraskian tiroz hil zituzten lau biktimen senideek. Horietako bat, Pello Aizpuru, "oso minduta" agertu da, ikerketa lana eta ondorioak "lau urtez kajoi batean gordeta izan dituelako Jaurlaritzak". "Zergatik?", galdetu du.

Pasaiako segadako biktimen senideak, 2018ko agerraldi batean.
Pasaiako segadako biktimen senideak, 2018ko agerraldi batean.
Pasaiako segadako biktimen senideak, 2018ko agerraldi batean.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1984ko martxoaren 22an gertatu zen, 22:30 aldera. Dioni Aizpuru, Jose Mari Izura, Rafa Delas eta Pedro Mari Isart Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak tiroz hil zituen Espainiako Poliziak. 39 urte igarota, oraindik ez da inor epaitu gertakari haiengatik, eta hildakoen senideek kalean zein auzitegietan egindako borroka nekaezinak lortu du gaiak urterik urte oihartzuna izatea. Bada, urteurren honetan zabaldu da Eusko Jaurlaritzak Pasaiako badiako gertakariei buruzko txostena agindu ziola EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedrari, eta 2020tik txosten hori kajoian gordeta izan duela. Jon Mirena Landa Zuzenbide Penaleko katedradunak zuzendu zuen lana, eta hilabete honetan izan dute biktimen senitartekoek ikerketa-lan horren berri. "Oso minduta" agertu dira, bereziki, txostenean jasotzen diren ondorioak "ikaragarriak" direlako. "40 urte daramatzagu aldaba guztiak jotzen. Jaurlaritzak txosten hau lortu eta kajoi batean gorde? Horrela tratatzen al dira pertsonak? Hauek al dira giza eskubideen defendatzaileak?", salatu du Pello Aizpuruk, sarraskian hildako Dionisio Aizpururen anaiak.

Txostenak hitzez hitz dioenez, "ez da egin ikerketa judizial eraginkorrik" Pasaian gertatutakoa argitzeko, eta "Pasaiako polizia-operazioan erantzukizun politikoak ez dira erabat argitu". Tiroketaren inguruabarren kontaketa zehatza egin ondoren, txostenaren egileek ondorioztatu dute "judizioz kanpoko epaiketa baten antza" izan zuela polizia-operazioak, eta horien aurrean, "Estatuak, ikerketa judizial azkar bat egin ordez, kalbario judizial bihurtu zen prozesua, etengabeko maniobra luzatzaileen bidez". Gauzak horrela, "giza eskubideen urraketa larrien kasu paradigmatikoa da" orain 39 urte gertatutakoa, eta "egia azaleratzeko sekulako erresistentziak" egon dira. "Erakunde ia guztien isiltasunak areagotu du bidegabekeria maila", zehazten du testuak.

Biktimen senideak: ''Oso minduta gaude sailburuordearekin''
Biktimen senideak: ''Oso minduta gaude sailburuordearekin''
Biktimen senideak: ''Oso minduta gaude sailburuordearekin''

1:19

Gomendio batzuk ere biltzen ditu EHUren lanak; besteak beste, txostena publiko egitea eta biktimen senideei babesa ematea. Azken horiek, baina, martxoaren hasieran Eusko Jaurlaritzako zenbait teknikarirekin izandako bilera batean izan zuten horren berri, eta "ezin sinetsita" daude. Jasotzen ari diren tratua gogor salatu du Aizpuruk. "Balio handiko txostena da eta kajoi baten gordeta izan dute. Posible al da? Ez dago eskubiderik, ikaragarria da, ez daukat hitzik. Esango dute biktima guztiak berdin tratatzen gaituztela", adierazi du. 

Halaber, gogora ekarri du 2019an Jaurlaritzak agindu ziena: "Giza Eskubide eta Memoria Zuzendaritzaren eta Gogoraren balorazio batzordea Pasaiako sarraskia lantzen hasiko zela, eta, beharbada, urte amaierarako aitortza ofiziala egiteko moduan izango zirela". Pozik jaso zutela berria aitortu du, baina "gaur arte". Ez da gaia landu, eta ez da aitortzarik iritsi. Are gehiago, kasua epaitegietan zabalik dagoen bitartean —Joseba Merino Pasaiako badiatik bizirik atera zen Komando Autonomo Antikapitalistetako kide bakarraren ekimenez auzia berriro zabaltzea lortu da—, ezin diotela gaiari heldu jakinarazi diete senitartekoei Gasteizko Gobernutik.

Bere aldetik, Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak azaldu du ulertzen duela biktimen familien mina, eta gehitu du inolaz ere ez diola txostena familiari ezkutatu, balorazio batzordean eman behar ziola uste duelako.

Jaurlaritzak esan du Pasaiako sarraskiari buruzko txostena publiko egin zela, baina ez familiari zuzenean eman
Jaurlaritzak esan du Pasaiako sarraskiari buruzko txostena publiko egin zela, baina ez familiari zuzenean eman
Jaurlaritzak esan du Pasaiako sarraskiari buruzko txostena publiko egin zela, baina ez familiari zuzenean eman

1:36

Omenaldiak

Agertoki horrekin, urteurrenaren jiran hainbat ekitaldi antolatu dituzte Pasaian gertatutakoa gogoratzeko. Gaur lore-eskaintza egin dute Azpeitian, Enparan Dorretxearen atzean dagoen monolitoan, eta larunbatean, ekitaldi berezi bat antolatu dute, hori ere, Azpeitian. Ekitaldi horretan, senitartekoek orain ezagutu duten txosten horren inguruko iritzia emango dute.

Lore-eskaintza egin dute Azpeitian, Pasaiako segadaren biktimak gogorarazteko
Lore-eskaintza egin dute Azpeitian, Pasaiako segadaren biktimak gogorarazteko
Lore-eskaintza egin dute Azpeitian, Pasaiako segadaren biktimak gogorarazteko

0:41
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Jaurlaritza albisteak EHU Gaurko titularrak Pasaia albisteak Gaurko azken orduko albistea