Politika -
Europa
Legegintza-eskumenak dituzten Europako eskualdeek erakunde plural eta parte-hartzaileagoak eskatu dituzte
Herrialde txikiek, nazioek eta eskualdeek erabakiak hartzen parte-hartu dezatela aldarrikatu dute RLEG sareko kideek Bilbon sinatu duten adierazpenean.
EITB Media
Botere legegileak dituzten Europako Batasuneko eskualdeetako kideek osatzen duten RLEG sareko kideak Bilbon elkartu dira eskualde hauek errekonozimentu gehiago iz dezatela eskatzeko. Helburu horrekin, erabakiak hartzeko egungo sistemari hainbat hobekuntza zehatz egitea proposatzen duen Bilboko Adierazpena sinatu dute.
Bilerari hasiera emanez, Iñigo Urkullu lehendakariak defendatu du "posible eta inoiz baino beharrezkoagoa dela" demokraziaren onerako izango den maila anitzeko gobernantza-eredu bat sortzea. Hala, estatu kideei ez ezik, herrialde txikiei, nazioei edo ahalmen legegilea duten eskualdeei ere ahotsa eta erabakitzeko gaitasuna emango dien eredu baten alde egin du. "Guztiok osatzen dugu Europako proiektu hau. Beharrezkoak gara eta ekarpenak egin behar ditugu", azpimarratu du.
Lehendakariaren iritzian, egungo kudeaketa-eredua eraginkorragoa izango da eragile gehiago biltzen baditu; izan ere, bere ustez, aniztasunak aberastasuna ematen dio Europari, "ezin da alde batera utzi txikixeagoa dena, txikia izateagatik bakarrik". "Europa heterogeneoa, anitza eta plurala da. Hala izan behar dute erabakitzeko organoek ere", gaineratu du.
Iñigo Urkulluren hitzetan, gaur onartutako Bilboko Adierazpena urrats berria da helburu komun bat lortzeko bidean: erakunde pluralagoak, irekiagoak eta parte-hartzaileagoak izatea. "Europako herritarrentzat eraikitako erakundeak. Aniztasunari leku eta parte-hartze handiagoa ematen dioten erakundeak", adierazi du. Ildo horretan, Iñigo Urkulluk legegintza-eskumenak dituzten eskualdeei eta konstituzio-nazionalitateei Europako gobernantzan zeregin berezia aitortzea eskatu du.
RLEG ekimena botere legegileak dituzten eskualdeetako eta autonomietako 17 gobernuk osatzen dute, eta horietako askok herriak edo nazioak ordezkatzen dituzte estatu kideen barruan. Bilbon Azoreetako, Kataluniako, Korsikako, Flandesko, Aland uharteetako, Balear Uharteetako, Madeirako eta Valentziako presidenteei eta goi-ordezkari politikoak elkartu dira.