Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Calparsorok ez du uste Bildu ilegalizatzeko nahikoa zantzu dagoenik
Hala ere, EAEko fiskal buruak oharra igorri die Izagirreri eta Errekondori: "Eremu arriskutsuetan sartzen ari dira eta mugan daude".
Erredakzioa
Juan Calparsoro EAEKo fiskal buruak gogorarazi du Alderdien Legea indarrean dagoela eta "edozein momentutan" aplikatu daitekeela. Hori dela eta, Donostiako Udalak presoei buruzko dokumental bati emandako diru-laguntzagatik Auzitegi Goreneko Fiskaltzak Bildu legez kanporatzeko neurriak hartu ez baditu, "nahikoa zantzu" ez dagoelako izango dela uste du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Xabier Mikel Errekondo Amaiurren bozeramailea "eremu arriskutsuetan sartzen ari dira" egin dituzten adierazpenekin, "mugan" daude.
Ministerio Publikoak EAEn duen ordezkari gorenak azpimarratu du Alderdien Legea indarrean dagoela eta "zilegitasuna duten erakundeek alderdiak legez kanporatzeko aukera" dutela.
Calparsorok adierazi duenez, Ministerio Publikoak "adi egon behar du beti" oso gai "delikatua delako, gizartearen kalitate demokratikoari eragiten diolako". "ETAko buruzagi bati buruzko dokumental bat diruz laguntzeak, edo antzerako ekintzek, kezkatu egiten gaituzte, baina eskumena eta erabakia Auzitegi Gorenarenak dira", gaineratu du.
Hori dela eta, Calparsorok ondorioztatu du Gorenak ez duela "zantzu nahikoa" ikusi Bildu legez kanporatzeko prozesua abiatzeko.