Gizartea -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Goia: "Tourra Donostiatik igarotzea herri bezala hartutako apustu bat izan da hasieratik"

Jakina da bisitari kopurua nabarmen haziko dela Donostian, Tourra handik igarotzen den egunetan, baina, alkatearen hitzetan, "merezi du horrelako proiekzioa duen kirol proba bat hartzea".

Donostiako alkate Eneko Goia. Argazkia: Euskadi Irratia
Donostiako alkate Eneko Goia
Donostiako alkate Eneko Goia. Argazkia: Euskadi Irratia

play icon 23:33

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako alkate Eneko Goiak gaurkotasunari gainbegiratua eman dio Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan, ostegun honetan. Frantziako Tourra hasteko 100 eguneko atzerako kontaketa hasi dute bart Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuek, eta horrekin batera abian dituzte jada prestaketa lanak.

Horri helduta abiatu du elkarrizketa Gipuzkoako hiriburuko udalburuak: "Erronka handia da, antolakuntza aldetik baldintza asko bete behar ditugu, dena ongi joan dadin. Helmugetako bat Donostian izateak ere azpiegitura handia eskatzen du. Erakundeen arteko elkarlana izugarria izan da hasiera-hasieratik. Herri bezala hartutako apustu bat da". Bilboren inbidia izateko arrazoirik ez dutela ere azpimarratu du.

Jakina da bisitari kopurua nabarmen haziko dela Donostian, Tourra handik igarotzen den egunetan, baina, Goiaren hitzetan, "merezi du horrelako proiekzioa duen kirol proba bat hartzea".

Maiatzaren 28ko Udal eta Foru Hauteskundeei helduta, eta De Miguel auziak EAJren emaitzetan eragina izan dezakeen galdetuta, zera adierazi du: "EAJk hasieratik egin zuen egin beharrekoa. Indultuaren afera eta hemendik aurrerakoak gai pertsonalak dira. Alderdiak emanak ditu dagoeneko eman beharreko erantzunak".

Donostian jeltzaleen zerrendak aldaketa nabarmenak izan ditu maiatzeko bozei begira, eta horri buruz esan du "haize berriak ekartzeko asmoz" egindako zerbait izan dela. 

Arerioen artean kezka handiena zeinek sortzen dion esatera ere ausartu da. "Inkestei kasu eginez gero, garbi dago hurrengo alderdia EH Bildu dela, eta, hortaz, bera dela gure arerio nagusia. Argi dugu bi aukera daudela jokoan: gaur egun Udala zuzentzen duenaren alde egitea edo 2011-2015 arteko garaietara itzultzea; hots, aurrera edo atzera egitea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Donostia albisteak Albisteak Gipuzkoa Eneko Goia albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Irratia euskaraz Foru hauteskundeak 2023