Politika -
Pasaiako sarraskia
Lehendakariak autokritika egin du Pasaiako biktimen familiei txostena ez emateagatik, eta barkamena eskatu die
Urkulluk Legebiltzarreko kontrol saioan esan duenez, Eusko Jaurlaritzaren asmoa ez zen txostena ezkutatzea. Senideei zuzenean eskatu zien atzo barkamena.
M. D. | EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak autokritika egin du Pasaiako segadari buruzko txostena hiru biktimen familiei lehenago ez emateagatik, EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egindako galdera bati erantzunez. Lehendakariak barkamena eskatu die Jose Maria Izura, Pedro Maria Isart eta Dionisio Aizpururen senideei.
Lehendakariak gehitu du Eusko Jaurlaritzak ez zuela txostena ezkutatu. Azaldu duenez, Exekutiboak berak eskatu zion Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedrari, baita argitaratu eta zabaldu ere.
Txostenaren arabera, ez da ikerketa judizial eraginkorrik egin Pasaiako segadan gertatutako hilketak argitzeko. Dokumentua 2020an argitaratu zen, baina Jaurlaritzak ez zion familiari jakinarazi.
"Eusko Jaurlaritzak ez du inolaz ere uko egin gertatutakoa argitzen laguntzeari", gehitu du Urkulluk. 1984ko martxoaren 22an, Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako hiru kide hil zituen tiroz, Pasaian (Gipuzkoa).
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak deitoratu du Eusko Jaurlaritzak hiru urte behar izan dituela txostena familiari emateko.
Bestalde, Pello Aizpuruk, lau biktimetako baten anaiak, txosten hau berandu entregatzea "kudeaketa tamalgarri baten azken gertakaria" eta "kudeaketa mingarri eta krudel baten azken adibidea" izan dela uste du.
"Kalte ikaragarria egin digute, atzera bueltarik ez duen kaltea. Asko sufritu dugu. Eta hala adierazi behar dugu gizartearen aurrean", berretsi du familien bozeramaileak. Hala ere," esperientzia txar" horrek aurrerantzean beste biktima batek "horrelako tratu bat" ez jasateko balioko duela uste du.
"Biktima guztiek tratu duina jaso behar dute. Eta gure kasua izan ez da hala izan", esan du Aizpuruk, eta erakundeen "konpromisoak" eskatu ditu gertatutakoa" konpontzeko ", baina ez soilik "adierazpen ofizial bat lortzeko".
"Esan digute ez dela borondate txarrik egon kudeaketa honetan, eta sinesten diegu", gaineratu du Aizpuruk. Hala ere, erakundeekin batera lan egiteko prest agertu da, "okerrago" ezin dutela egin sinetsita egon arren.