Politika -
AUZITEGIAK
Gorenak baliogabetu egin du Oviedon 1997an egindako atentatuagatik Iparragirre absolbitu zuen epaia
Horrenbestez, onartu egin du Fiskaltzaren helegitea, eta beste ebazpen bat emateko agindu dio Auzitegi Nazionalari.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Auzitegi Gorenak baliogabe utzi du Oviedon 1997an izandako atentatuagatik Marisol Iparragirre ETAko kide izandakoa absolbitu zuen epaia, Auzitegi Nazionalak emandakoa, "koherentziarik eza" argudiatuta. Polizia Nazionalaren komisaria baten kontrako erasoa izan zen.
Bigarren aldiz baliogabetu du Gorenak Iparragirreren absoluzioa. Gasteizko Mendizorrotza kiroldegiaren parean 1985ean izandako atentatu saiakeragatik ere epaitu eta absolbitu zuten Iparragirre Auzitegi Nazionalean. Gorenak bertan behera utzi zuen epai hura ere, balorazio proban "akats larriak" izan zirelakoan. Ondoren kaleratutako ebazpenean, 425 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten eskoriatzarrari.
Oviedoko atentatuaren epaiketan, hiru hilketa saiakera leporatuta eseri zen auzipetuen aulkian Iparragirre, baina epaimahaiak ebatzi zuen ETAko kide izateagatik zigorra beteta zuela aurrez Frantzian, eta, beraz, "epaitutako auzia" zela. Ondorioz, absolbitu egin zuen.
Gauzak horrela, Fiskaltzak helegitea jarri zuen, eta Gorenak ontzat eman du. Oviedoko atentatuaren inguruko beste ebazpen bat emateko agindu dio Auzitegi Nazionalari, aurreko epaian "arrakala esanguratsuak" eta "koherentziarik eza" atzeman dituztela argudiatuta.