Politika -
Gernikako bonbardaketa
Bolaños: "Harro nago hemen egoteaz, orduko Gobernu legitimo erasotu hura ere ordezkatzen nagoelako"
Ministroak ez ditu lehendakariaren adierazpenak aipatu. Urkulluk goizean esan du Estatuaren "justizia errestauratiboko keinu baten zain" daudela oraindik.
EITB Media
''Harro nago hemen egoteaz, orduko Gobernu legitimo erasotu hura ordezkatzen ere nagoelako'', adierazi du Felix Bolaños Presidentetza eta Memoria Demokratikorako ministroak Gernikan. "Gobernu legitimoaren aurkako kolpistek, 37. urtean, bereizi gabe bonbardatu zuten Gernikako populazio zibila, Durango, Eibar, Otxandio eta Euskadiko eta Espainiako beste toki batzuk bonbardatu zituzten bezala", gogorarazi du ministroak.
Bolaños Gernikako bonbardaketaren 86. urteurrena ospatzeko ekitaldietan izan da gaur, Espainiako Gobernuko ministro bat ekitaldi horietara joan den lehen aldian.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak asteartean iragarri zuenez, Gernika "oroimenezko leku" izendatuko dute, 1937an, Gerra Zibilean, bere biztanleek jasan zuten bonbardaketa faxistaren "izugarrikeriengatik". Bolañosek hedabideen aurrean erantsi duenez, Memoria Demokratikoaren legearen arabera mota horretako lehenengo tokia Bizkaiko hiria izatea erabaki du Exekutiboak.
Hala ere, ministroak ez du lehendakariaren adierazpenik aipatu. Bonbardaketatik 86 urtera, Estatuaren "justizia errestauratiboko keinu" baten "zain" daudela adierazi du Urkulluk goizean.
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak arbuiatu egin du "historia manipulatzeko ahalegin baldar oro, 36ko altxamendu faxistaren biktima eta Errepublikaren legezkotasun demokratikoaren oinordeko den Gobernu bati zuzendutako barkamen-eskaera ez oso zorrotzen eskariarekin".
"Eskerrak eman nahi dizkiot Bolaños ministroari gaur Gernikan egoteagatik. Sozialistak beti egongo gara, erakunde guztietan, noski, Espainiako Gobernuan, faxismoaren aurkako borrokan eta duela 86 urte Gernikan gertatutakoak bezalakoak gaitzesten", gaineratu du Twitter sare sozialean.
Bestalde, Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak "erantzukizun frankista" aitortzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Gorroñok adierazpen horiek egin ditu Udalak George Steer Erresuma Batuko kazetariari egin dion omenaldian.