Politika -

HEZKUNTZA LEGEA

Otxandiano: "EAJk ez du etxebizitzen alokairuaren prezioa erregulatu nahi, eta kito"

Errentagarritasuna etxebizitzaren eskubide subjektiboaren gainetik jartzea leporatu die EH Bilduko Programa zuzendariak jeltzaleei. EAJk argi erantzun beharko lukeen galdera honakoa dela esan du: "Etxebizitzen alokairuaren prezioa erregulatu behar al dugu? Bai edo ez?".

Pello Otxandiano, gaur, Radio Euskadin
Pello Otxandiano, gaur, Radio Euskadin
Pello Otxandiano, gaur, Radio Euskadin

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuak osoko bilkuran onartuko du gaur Etxebizitza Eskubidearen aldeko lege proiektua. Besteak beste, gune tentsionatuetan alokairuen prezioa mugatzeko helburua du araudiak. Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen kanpainaurre betean, legea ika-mika politikorako tresna bihurtu da azken egunotan. Koalizio abertzaleak horren berri eman zuenetik, EAJk behin eta berriz esan du EAEren eskumenak inbaditzen dituela arau horrek, eta gaur, berriro, EH Bilduk argi adierazi du ez dagoela halako inbasiorik eta jeltzaleek "beste interes batzuk" dituztela.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Pello Otxandiano EH Bilduko Programa zuzendariak esan du EAJk errentagarritasuna jarri duela etxebizitzaren eskubide subjektiboaren gainetik, eta atzera begirako errepasoa egin du "bakoitza zein posiziotik" ari den ulertzeko. Besteak beste, gogoratu du 2015ean Etxebizitzaren euskal Legea onartu zenean jeltzaleek kontra bozkatu zutela. "Horrek ondoren gertatu diren gauza asko azaltzen ditu... EAJk ez du etxebizitzen alokairuaren prezioa erregulatu nahi, eta kito", gehitu du.

Hezkuntza legearen proiektuaren inguruan azken orduotan azaleratu diren ezadostasunen harira, berriz, "eztabaida sosegatua" eskatu du. Erantsi du hezkuntza itunaren "gehiengoak bizirik" jarraitzen duela, giroa "egokiena" ez den arren. Zehaztapenetan sartu ahala, adierazi du, eztabaida "zailtzen" ari da.

PSE-EEk azaldutako jarrerari buruz, berriz, uste du "iraganeko eskemetara" itzuli dela, eta "egia osoa esatea" ez duela nahi. "Edukiei buruz hitz egin behar da. Guk ez dugu marra gorririk jarri, baina hemen ez dago eztabaida seriorik. Hedabideetan ez da egiten eztabaida, dagokion lekuan egin behar da, antolatuta, eta, badirudi, PSE ez dela horretan ari".

Atzoko agerraldian esandakoa berretsi du, hezkuntza sistema eraldatzeko une historiko baten aurrean gaudela esanez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Etxebizitza Pello Otxandiano