Politika -
M28
Urkulluk "sentiberatasun eza" egotzi dio EH Bilduri, hautagai-zerrendetan ETAko kide ohiak sartzeagatik
Bere aldetik, gaiari buruz galdetuta, Chivitek esan du ETA "iragana" dela, eta "gustuko izan edo ez", etorkizuna EH Bildurekin batera eraiki behar dela.
EITB MEDIA
ETAren biktimekiko eta gizarte osoarekiko "sentiberatasun eta errespetu eza" egotzi dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak EH Bilduri, M28ko udal eta foru hauteskundeetarako hautagai-zerrendetan talde armatuko kide izateagatik zigortutako herritarrak sartzeagatik.
Eusko Legebiltzarraren atarian hitz egin du lehendakariak gaiari buruz, kazetarien galderei erantzunez. Horren hitzetan, "eskubidea dute zerrendetan aurkezteko, zuzenbideak ahalbidetu egiten duelako", baina "ez da zuzena". "Nabaria da euskal gizartearekiko duten errespetu falta. Beti zurrunbilo honetan murgiltzen gaituzte", erantsi du.
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteari ere galdetu diote EH Bilduren zerrenden inguruan. ETA "iragana" dela, eta, "gustuko izan edo ez", etorkizuna EH Bildurekin batera eraiki behar dela erantzun du. Gehitu duenez, indarkeria atzean utzi eta hitzetara pasatzea "demokraziaren eta gizarte osoaren garaipena" izan zen.
Onartu du "pertsonalki" ez duela gogoko zenbait pertsona bozetako hautagai izatea, baina "guztiz legezkoa" dela gehitu du.
Europa Press agentziak antolatutako gosari informatibo batean egin ditu adierazpenok Chivitek, Madrilen.
Covitek asteon salatu du jada deseginda dagoen ETAko 44 kide ohi EH Bilduk datozen hauteskundeetarako aurkeztu dituen hautagai-zerrendetan agertzen direla.