Politika -

Hauteskunde orokorrak

Euskal alderdiak hasi dira hauteskunde aurrerapenaren inguruko jarrerak zehazten

Estebanen hitzetan, PSOEren barne kalkulu gisa soilik uler daiteke hauteskundeen aurrerapena. Otegik azpimarratu du "eskuinari ateak ixteko" gertu daudela. Iturgaizi "logikoa" iruditu zaio bozkak aurreratzea, eta Barkos beldur da ez ote duen Foru Gobernurako negoziazioetan eraginik izango.

Diputatuen Kongresua, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Diputatuen Kongresua, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Diputatuen Kongresua, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezustean, abendurako espero ziren hauteskunde orokorrak aurreratu ditu Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, eta horren inguruko iritzia ematen hasi dira euskal alderdiak. Oraingoz, baina, EH Bilduk eta EAEko Alderdi Popularrak egin dituzte adierazpenak. 

Sanchezen iragarpenak zur eta lur utzi du EAJk Kongresuan duen bozeramaile Aitor Esteban, hauteskundeen aurrerapena "justifikaezina" dela iritzita. "PSOEren barne kalkulu gisa soilik uler daiteke, kanpora begira ez baitu erakundeen eta herritarren ongizatean pentsatu", esan du.

Edonola ere, azpimarratu du EAJk oso serio hartzen dituela hauteskunde guztiak. "Dena emango dugu. Espainiako hauteskundeak oso garrantzitsuak dira euskal herritarrontzat, gauza inportanteak baitaude jokoan. Orain arte bezala, gure interesen defentsari eutsiko diogu. Dagoeneko martxan gaude", iragarri du.

Udal eta foru hauteskundeen balorazioa egiteko prentsaurrekoan hitz egin du Arnaldo Otegi koalizioko koordinatzaile nagusiak. Horren ustez, gaurko albistea beste bat da: "Ezker subiranistak irabazi ditu hauteskundeak Hego Euskal Herrian". Hortaz, koalizioari "berdin" zaio Espainiako Estatuan hauteskundeak deitu izana. "Deialdiak ez ditu gure printzipio eta baloreak aldatuko", azpimarratu du. 

Dena dela, horren esanetan, EH Bilduk "eskuinari ateak itxiko dizkio" leku guztietan, eta "koalizioaren boto antifaxista" hauteskunde orokorretan "erabakigarria" izango dela nabarmendu du. 

Oso bestelako irakurketa egin du Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidenteak. Horren hitzetan, "logikoa" da Sanchezen erabakia, "ez baitzuen beste irtenbiderik, kale itsu batean zegoen". 

Iturgaizen arabera, atzo herritarrek "sanchismoa indargabetu zuten" hauteslekuetan, eta uztaileko hitzorduari begira, berdintsu egingo dutela esan du. "Espainiak aldaketaren alde egingo du, eta aldaketa Alderdi Popularra da, eta Alberto Nuñez Feijoo du izena. Gu prest gaude", agertu du. 

Geroa Bairen Nafarroako Gobernuko hautagai Uxue Barkos beldur da Sanchezen iragarpenak ez ote duen Foru Gobernua osatzeko negoziazioetan eraginik izango. Horregatik, PSNri, EH Bilduri eta Zurekin Nafarroari eskatu die berehala akordio progresistak adostea, hauteskunde-kanpaina hasi aurretik.

"Historiak dio Madrilen tentsio uneak bizi izan direnean, gobernu progresistak desegin direla", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Euskal Autonomia Erkidegoa Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Pedro Sánchez EH Bildu Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Carlos Iturgaiz