Politika -
M28
EH Bilduk hautagaia aurkeztuko du Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mahaiko presidente izateko
Arnaldo Otegiren esanetan, EH Bilduk ez du EAJren eta PSE-EEren eskaintza ofizialik jaso Batzar Nagusietako Mahaiko presidentea koalizio subiranistarena izan dadin.
O. A. | EITB Media
Larunbat honetan eratuko dituzte Gipuzkoako Batzar Nagusiak, eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak azaldu duenez, koalizio subiranistak Mahaiko presidente eta presidenteorde karguetarako hautagaiak aurkeztuko ditu.
Atzo, EAJk eta PSE-EEk Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentetza EH Bilduk izatea proposatu zuten. Hala ere, Otegiren esanetan, EH Bilduk ez du EAJren eta PSE-EEren eskaintza ofizialik jaso Batzar Nagusietako Mahaiko presidentea koalizio subiranistarena izan dadin.
Halaber, nabarmendu du ez direla "kromo trukean" sartuko, eta hautagaitza aurkeztuko dutela. "Ez dugu inolako akordioetan parte hartuko", gaineratu du.
EH Bilduk Gipuzkoan maiatzaren 28ko hauteskundeak irabazi zituenez, Otegiren iritziz, boto-emaileek erabaki dute EH Bildu izatea Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mahaiaren buru. Halaber, koalizioak Elkarrekin Podemos Mahaian egotea nahi du, eta moreen hautagaia babestuko du horrela izan dadin.
Nolanahi ere, bere ustez, azpimarragarria da EAJk PP Mahaian sartzea. "Ezin da ukatu ebidentzia bat dena, PPrekin itunak egin dituztela" Kuartangon, Gasteizen, Gipuzkoan eta abar.
Bestalde, koalizio horretako kideen hitzetan, larunbatean udalak eta batzar nagusiak eratzen direnean ikusiko da EAJk eta PSE-EEk PP eta Vox sartu dituztela "beren ekuazioan".