Politika -

ARABAKO FORU ALDUNDIA

Arabako Foru Aldundia gobernatzeko akordioa itxi dute EAJk eta PSE-EEk

Bi taldeen eserlekuen baturak ez die gehiengo osoa ematen jeltzale eta sozialistei; beraz, beste talderen baten babesa izan beharko dute datozen lau urteetan gobernagarritasuna bermatzeko.

Arabako Foru Aldundia. Argazkia: Txus Txasko.
Arabako Foru Aldundia
Arabako Foru Aldundia. Argazkia: Txus Txasko.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSE-EEk gaur iragarri dutenez, Arabako Foru Aldundian koalizioan gobernatzeko akordio programatikoa itxi dute, eta asteartean aurkeztuko dute jendaurrean.

Maiatzaren 28ko hauteskundeetan, EAJ izan zen indar bozkatuena, eta 15 prokuradore lortu zituen Arabako Batzar Nagusietan, EH Bilduk baino 1 gehiago. Sozialistek, berriz, 9 batzarkide lortu zituzten.

Ganberako gainerako kideak PPko 9ak, Elkarrekin Podemos-IUko 3ak eta Voxeko bakarra dira.

Bi taldeen eserlekuen baturak ez die gehiengo osoa ematen jeltzale eta sozialistei; beraz, beste talde baten babesa beharko dute datozen lau urteetan gobernagarritasuna bermatzeko.

Gasteizko Udala gobernatzeko bi alderdiek akordioa itxi eta astebetera lortu dute akordioa. Alkatetza Maider Etxebarria sozialistak hartu du.

Arabako Batzar Nagusiek bere hamabigarren legegintzaldian Irma Basterra (EAJ) izango dute buru: hilaren 19an hautatu zuten kargu horretarako, bere alderdiaren eta PSE-EEren botoei esker.

EAJk eta PSE-EEk gehiengo absoluturik ez duten arren, ahaldun nagusigaiak, Ramiro Gonzalez jeltzaleak, bermatuta du berriro hautatua izatea; izan ere, bere araudiaren arabera, izendatua izateko gehiengo osoa beharko du lehen bozketan baina sinplea bigarrenean.

Inbestidura saioa ostegunean izango da. Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko prokuradorearekin lehiatuko da Gonzalez, eta koalizio subiranistak duela lau urte egin zuen bezala aurkeztuko dela iragarri du; ordukoan, Kike Fernandez de Pinedo aurkeztu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Arabako Foru Aldundia