Politika -

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako foru gobernu berriak inoiz baino emakume gehiago izango ditu, hamar diputatutik zazpi

Eider Mendoza ahaldun nagusiak sailetako bat banatu du eta sustapen ekonomikoa Ane Insaustiren esku utzi du; lehen sektorea, berriz, Lurralde Oreka Berdeko departamentu berritzaile batekin, Xabier Arrutiren ardurapean egongo da.

Eider Mendoza, Gipuzkoako ahaldun nagusi berria. Argazkia: EFE
Eider Mendoza, Gipuzkoako ahaldun nagusi berria. Argazkia: EFE
Eider Mendoza, Gipuzkoako ahaldun nagusi berria. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako foru gobernuko talde berriak, Eider Mendoza ahaldun nagusi berria buru duela, hamar diputatu izango ditu; horieatik, zazpi emakumeak dira, eta sei karguan estreinatuko dira. Nabarmendu duenez, foru gobernu berriak talde "berritua eta gaztetua" izango du, "aurpegi berri askorekin, irudikatzen dutena belaunaldi berri bat lekukoa hartzen ari dela, emakumeak gobernu-arduretan gero eta gehiago parte hartzen dugula, eta bide horrek ez duela atzera bueltarik".

Mendozak ohar baten bidez jakinarazi ditu 2023-2027 legegintzaldirako departamentuak konfiguratzeko ildo nagusiak eta horietako bakoitza zuzenduko duten diputatuen izenak.

Gipuzkoako ahaldun nagusiak azaldu duenez, "erakundearen gobernu-egitura eraldatzeko egindako lehen urratsen helburua garai berri baten erronka kolektiboei modu eraginkorragoan erantzutea da, aldaketa sozial, ekonomiko eta teknologiko handiak izango dituena, hiru zutabe nagusitatik abiatuta: bizi-proiektu oparoak eta kalitatezko zerbitzu publikoak garatzeko baliabideak bermatuko dituen ekonomia lehiakorra; gizarte-politikak eta pertsona ahulenei arreta ematea; eta lurraldearen etorkizunerako proiektu estrategikoak sendotzea".

Atzo, ostegunean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako inbestidura saioaren ostean, ostiral honetan formalizatu da Eider Mendozaren izendapena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Jarraian, Mendozak indarrean dagoen agintaldia amaitutzat eman eta legegintzaldi berriari ekingo dioten hiru dekretuak onartuko ditu: egungo foru diputatuek beren eginkizunak uzteko dekretua; Aldundiko sailak eta horien jardun-arloak eta eginkizunak zehazten dituena; eta diputatu izango direnen eta ahaldun nagusiordeen izendapena. Hirurak larunbat honetan sartuko dira indarrean.

Egun horretan bertan,foru gobernu berria eratzeko bilkura egingo da, ekitaldi publiko batean. Horretan, diputatuek halakotzat egiaztatzen dituen benera jasoko dute. Ondoren, legegintzaldiko lehen Diputatuen Kontseilua egingo da, eta, horrela, gobernu berriak bere jarduerari ekingo dio ondorio guztietarako, "EAJk eta PSE-EEk sinatutako akordio programatikoa garatzeko helburuarekin".

Hartuko duen erabakietako bat Aldundiaren oinarrizko egiturari buruzko dekretua onartzea izango da, sailen osaera ezartzen duena, sail bakoitzari atxikitako zuzendaritza eta organoekin. Era berean, gobernu berriko kide guztiak Batzar Nagusiek igandean egingo duten osoko bilkura ibiltarian izango dira.

Gobernu "berritu eta gaztetua"

Mendozak nabarmendu duenez, Aldundiak "gobernu-talde berritu eta gaztetu bat izango du, aurpegi berri askorekin, irudikatzen dutena belaunaldi berri bat lekukoa hartzen ari dela, emakumeak gobernu-arduretan gero eta gehiago parte hartzen dugula, eta bide horrek ez duela atzera bueltarik".

Bere ustez, "esperientzia duten pertsonen, eta freskotasuna eta ilusioa ekarriko dizkiguten aurpegi berrien arteko nahasketa hori, oso positiboa izango da legealdi honi baldintzarik onenetan eta berme guztiekin aurre egiteko", azaldu du.

Jose Ignacio Asensio (Tolosa, 1966) sozialista izango da, hain zuzen ere, Iraunkortasun Departamentuko arduradun nagusia, "Gipuzkoatik trantsizio ekologikoari eta erronka klimatikoari erantzuteko politikak biltzeko borondatea" irudikatzen duena". Gainera, lehen diputatu nagusiorde ere izango da, Mendozak adierazi duenez.

Gizarte Politiketako Departamentuak Maite Peña (Errenteria, 1975) izango du buru, eta bera izango da bigarren diputatu nagusiordea. Bestalde, Ane Insausti (Donostia, 1984) Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatua izango da. Telekomunikazioetako eta MBAko ingeniaria China Europe International Business School-en (CEIBS), azken urteotan Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarriko Mubil Zentroko zuzendaria izan da.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolamenduko diputatu berria Azahara Dominguez (Irun, 1990) izango da, Soziologiako gradua eta Irakasleen Prestakuntzako masterra duena.

Era berean, Maria Ubarretxena (Urretxu, 1980) Deustun Humanitate eta Enpresa lizentziaduna Bide Azpiegituretako Departamentuaren kudeaketaren ardura izango du. Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola bultzatzeko politiken erreferentea, bestalde, Goizane Alvarez (Donostia, 1977) izango da, aurreko legealdian Kiroletako zuzendaria izan zena.

Beste aldaketa nagusietako bat izango da lehen sektorearekin lotutako politikek berezko entitatea duen sail bat izango dutela, Lurralde Oreka Berdearena, Xabier Arruti (Beizama, 1968) buru duena; Ekonomian eta Enpresa Zientzietan lizentziatua eta Landa Garapeneko eta Nekazaritzako Elikadurako Proiektuen Kudeaketako masterra du.

Gobernantza Sailak diputatu berri bat ere izango du, Irune Berasaluze (Mendaro, 1968), Zuzenbidean lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean, eta Foru Gobernuaren bozeramailetza ere hartuko duena. Bestalde, Jokin Peronak (Orio, 1978) Ogasun eta Finantza Departamentuko arduradun izaten jarraituko du; 2020tik du eginkizun hori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Gipuzkoa PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia Eider Mendoza