Politika -
NEGOZIAZIOAK
"Indarrak batu" eta PSOEkin "Kataluniarentzat akordio on bat" negoziatzeko deia egin dio ERCk Juntsi
Gutuna igorri dio ERCk Juntsi, "Hamalau boto Kataluniaren defentsan" goiburupean. Bertan errepublikanoek zehazten dutenez, PSOEk ez du gehiengoa osatzeko beste alternatibarik eta diputatu independentisten botoak aukera gisa erabili behar dira.
EITB MEDIA
"Indarrak batu" eta PSOEkin "Kataluniarentzat akordio on bat" negoziatzeko deia egin dio ERCk Juntsi. Espainiako Gobernu berria eratzeko, Pedro Sanchez buruzagi sozialistak ezinbestean behar ditu diputatu kataluniar independentisten aldeko botoak.
"Hamalau boto Kataluniaren defentsan" goiburupean ERCk Juntsi igorritako gutuna Ara egunkariak argitaratu du gaur. Bertan, errepublikarrek zehazten dutenez, PSOEk ez du gehiengoa osatzeko beste alternatibarik eta diputatu independentisten botoak aukera gisa erabili behar dira. Besteak beste, Pere Aragones Generalitateko presidenteak, Oriol Junqueras ERCko presidenteak, Marta Rovira alderdi errepublikanoko idazkari nagusiak eta Gabriel Rufian Kongresurako hautagaiak izenpetu dute idatzia.
Amnistia eta autodeterminazioa eskatzeaz gain, beste hainbat gai elkarrekin negoziatzea proposatu dio ERCk Juntsi, tartean, finantzazio autonomikoarena. Horretarako, "elkarrizketarako mahaia" dela bidea nabarmendu dute errepublikanoek. "Zenbat eta gehiago izan, orduan eta gaitasun gehiago izango dugu gauzak negoziatzeko. Denok norabide berdinean arraun eginda, indartsuagoak gara", idatzi dute.
Halaber, ERCk dio PSOEk bere herrialdea gobernatu nahi badu, "gurea errespetatu" behar duela. Hauteskundeak errepikatzea, berriz, "ultraeskuinari bigarren aukera bat ematea" litzakeela nabarmendu du.
Kataluniaren gatazka politikoa bideratzeko lan asko dagoela oraindik egiteko gogoratu du ERCk, baina azken legealdian emandako indultuak eta Zigor Kodearen erreforma independentziarako bidearen lanketan kokatu ditu.