Politika -

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Alzorriz: "Chiviteren inbestidura egun bat atzeratu behar bada, atzeratu egingo dugu"

Nafarroako Parlamentuko araudiak 72 orduko epea ezartzen du bilera-sortaren eta inbestidura saioaren artean, baina PSNko Antolakuntza idazkariak azaldu duenez, 2019an bi eguneko epearekin egin zen eta "ez zen ezer gertatu".

Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkaria Radio Euskadin
Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkaria Radio Euskadin
Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkaria Radio Euskadin

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak ez du baztertu Maria Chiviteren inbestidura saioa astelehenean eta asteartean egitea. "UPNren kasketagatik egun bat atzeratu behar bada, atzeratu egingo dugu", gaineratu du.

Atzo alderdiekin bilera erronda amaitu berritan, Nafarroako Parlamentuko presidenteak proposatu zuen inbestidura saioa abuztuaren 12an eta 13an egitea. Nafarroako Parlamentuko araudiaren arabera, erronda hori amaitu ostean gutxienez hiru egun igaro behar dira inbestidura saioa egiteko; alabaina, Hualdek esan zuen presidenteak eta Mahaiak badutela epe hori moldatzeko eskumena. Azken orduetan, UPN epeak laburtzearen kontra agertu da.

Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batean Alzorrizek azaldu duenez, aurreko legegintzaldian inbestidura saioa bi eguneko epearekin egin zen, orain proposatzen den bezala, eta "ez zen ezer gertatu". Edonola ere, arrisku juridikoren bat izanez gero, astelehenera atzeratuko dela adierazi du.

Maria Chivitek EH Bilduren abstentzioa behar du Nafarroako Gobernuko presidente izateko, eta koalizio subiranistak gaur goizean iragarri du bere militanteak abstentzioarekin inbestidura ahalbidetzearen alde agertu direla. Alzorrizek berretsi du ez dutela abstentzio hori negoziatu, eta PPk, berriz, Espainiako Estatuko hainbat autonomia erkidegotan Voxekin gobernu akordioak sinatu dituela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentuko albisteak Nafarroako Gobernuko presidentea