Politika -
Polemika
Bilboko Konpartsak taldeari espedientea zabalduko dio Azkunak
Konpartseroak, aldiz, Azkunari "bidai bat antolatzeko eta ordaintzeko" ekimena abian jarri dute, Aste Nagusian "unibertsoaren edozein lekura" bidaltzeko.
Erredakzioa
Iñaki Azkuna Bilboko alkateak espedientea irekiko die Bilboko konpartsei euren jaia udalaren baimenik gabe egiteagatik.
Azkunak dioenez, ez dago prest "probokazioei" erantzuteko eta "gehienak HBren inguruakoak" direla salatu du, "han eta hemen arazoak sortzen jarraitzen dute".
Funikularraren geltokia hobetzeko lanen inaugurazioan, Azkuna kazetariei hitz egin die eta Poliziak Bilboko Konpartsei baimen faltaren berri eman diela adierazi du. Hala ere, "ez ditut sei batailoi bidaliko eta iskanbilarik sortuko. Ez naiz horretan eroriko".
"Ez naiz probokazioan sartuko, baina legearen kontra doanari espedientea irekiko zaio. Bilboko Konpartsek umore handia omen dute, eta nire erabakia kiroltasunez hartzea espero dut, niri mozorroa eta betaurrekoak jarri eta niri zuzendutako gauza horiek guztiak esaten dutenean bezala".
Jaia Bilboko Aretzan
Bilboko Konpartsek, bestalde, Bilboko Areatzan egin dute euren jaia, eta Azkuna alkateari "bidaia antolatzea eta ordaintzea" proposatu dute, Aste Nagusian "unibertsoko edozein lekura" bidaltzeko.
Hori dela eta, 'Azkunarentzako udako oporrak' izeneko kanpaina abian jarri dute: "Juan Carlos erregea Botswanara elefanteak ehiztatzera joan bada, nola liteke udaleko Azkuna erregeak horrelako bidaiarik ez egitea?", galdetu dute.