Politika -

Nafarroako Parlamentua

Gaur izendatuko dute Maria Chivite Nafarroako presidente, gehiengo soilarekin

Bigarren bozketa 17:20an egingo da, lehenengoa egin eta 24 ordura, eta hautagai sozialistak kontrako baino aldeko boto gehiago behar ditu presidente izendatzeko.

Maria Chivite lehen bozketan botoa ematen. Argazkia: EFE
Maria Chivite lehen bozketan botoa ematen
Maria Chivite lehen bozketan botoa ematen. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite sozialista gaur izendatuko dute Nafarroako Gobernuko presidente, 17:20an egingo den bigarren bozketan. Atzoko saioan, aurreikusi moduan, ez zuen gehiengo osorik lortu, eta, gaur, gehiengo soilarekin (kontrako baino aldeko boto gehiago) lortuko du karguan beste lau urtez jarraitzea.

Alderdiek aurretik iragarria zuten bezala, sekretuan eta ordena alfabetikoan egin zen lehen bozketaren amaieran Gobernu Ituna sinatu duten hiru taldeen 21 babesak jaso zituen hautagai sozialistak: PSN (11), Geroa Bai (7) eta Zurekin Nafarroa (3).

Era berean, Foru parlamentuan 9 eserleku dituen EH Bildu abstenitu egin zen, eta UPNko (15), PPko (3) eta Voxeko (2) 20 parlamentariek aurka bozkatu zuten.

Chivitek Gobernu "aurrerakoi" bat defendatu zuen inbestidura saioko eztabaidan, eskuineko alderdiak "inboluzioa" ekartzen eta "eskubideak murrizten" ari direla iritzita.

Bestalde, eskuinak ziurtatu zuen Nafarroako Gobernu berria "zatituta jaio" dela, eta EH Bilduk ohartarazi zuen "zorrotza" izango dela eta legegintzaldi hau ezin dela "aurrekoa bezalakoa izan".

Chivite: "Aurreikus zitekeenaren barruan"

Maria Chivite PSNren Nafarroako presidentegaiaren iritziz, inbestidura saioaren eztabaida "aurreikus zitekeenaren barruan" joan zen.

"Esperotakoaren gisakoak izan dira hitz-hartzeak. Atzo, Ramón Alzórriz bozeramaile sozialistak mezuz esaten zidan, Javier Esparzak honetaz eta honetaz hitz egingo du. Eta halaxe izan da, esperotakoaren barruan", esan zuen Chivitek lehen bozketaren ostean. 

Zure interesekoa izan daiteke: Maria Chiviteren hitzartzearen gako nagusiak

Chivitek eztabaidak izan zuen tonua eskertu zuen: "Nahiko ona izan da eta eskertzekoa da". Kontra bozkatu duten taldeei dagokienez, "inbestidura babestuko ez duten arren, unean uneko akordioei eskua luzatu" zietela azaldu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak PSN Nafarroa Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua berriak Nafarroako Parlamentua Nafarroako Gobernuko lehendakaria