Politika -

Diputatuen Kongresua

Askotariko moduak eta hizkuntzak Konstituzioari men egiteko

EAJko eta EH Bilduko diputatuek legeak aginduta egin dute. Halaber, Espainia feminista eta errepublikar baten aldeko formulak entzun dira.

Pedro Sanchez, Konstituzioari men eginez. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez, Konstituzioari men eginez.
Pedro Sanchez, Konstituzioari men eginez. Argazkia: EFE

M. D. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kongresu berriko diputatuek hainbat formula eta hizkuntza erabili dituzte Konstituzioari men egiteko unean. Horietako batzuk, besteak beste EH Bildu eta EAJkoak, legeak hala aginduta.

Oro har, formulak alderdi politikoek finkatu dituzte. Gazteleraz ez ezik, euskaraz, katalanez eta galizieraz ere egin dute, Euskal Herriko eta Kataluniako errepubliken aldeko formulak ere entzun dira, baita, Sumarreko diputatuen ahotik, Espainia plurinazional eta feminista baten eta "garai errepublikar berri baten" aldekoak ere.

Diputatu jeltzaleek, duela lau urte bezala, legeak aginduta egin dute, horietako batzuk euskaraz. EH Bildukoek "euskal errepublika" defendatzeko egin dute, eta Lander Martinez Sumarreko diputatu bizkaitarrak ere euskara erabili du.

ERCren kasuan, "legeak aginduta" egin dute diputatuek, "Kataluniako errepublika lortu arte", katalanez. Juntsekoek ere euren hizkuntza erabili dute, "legeak aginduta", "Kataluniako herriarekiko leialtasunetik eta urriaren 1eko agindua beteta", eta "errepresaliatu eta erbesteratu guztien defentsarekin" konprometituta.

Compromiseko Agueda Micok (Sumar) katalana erabili du, kasu honetan Valentziako herriaren alde. Nestor Rego BNGko diputatuak Galiziaren subiranotasunaren alde egin du, galizieraz.

"Borroka antifrankistaren alde" izan da eguneko beste aldarrikapenetako bat. Iñigo Errejon Sumarreko diputatuak "herri subiranotasunaren eta herrien arteko anaitasunaren (katalanez), justizia sozialaren eta Lurraren alde" egin du.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak eta Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak "bai, hitza ematen dut" esan dute, eta alderdikideek formula hori errepikatu dute. Voxen diputatuek, ordea, "Espainiaren alde, bai" erabili dute.

PP eta Vox kexu agertu dira diputatu batzuek aukeratutako formulengatik, eta Francina Armengol Kongresuko presidenteari eskatu diote berrikusteko eta baliogabetzeko. Presidente berriak defendatu du erabilitako "formula guztiak" bat datozela Erregelamenduaren 4. artikuluan, Ganberako Presidentetzaren 1989ko ebazpenean eta Konstituzio Auzitegiaren azken epaian ezarritakoarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainia Eguneko albisteak Albisteak