Politika -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Mertxe Aizpurua (EH Bildu): "Nazio aniztasunaren legegintzaldia izango da"
EH Bilduren diputatuaren arabera, estaturik gabeko nazioen parte hartzea "garrantzitsua" eta "erabakigarria" da, eta "Espainiako Estatuak hori kontuan hartu behar du".
O. A. | EITB Media
Espainiako Gorteak osatu eta legegintzaldia hasi berritan, honakoa nazio aniztasunaren legegintzaldia izango dela uste du Mertxe Aizpuruak. EH Bilduren diputatuaren iritziz, Espainiako Estatuak kontuan izan behar du estaturik gabeko nazioen parte-hartzea "garrantzitsua" ez ezik "erabakigarria" ere badela. Testuinguru horretan, Francina Armengol Kongresuko Mahaiko presidenteak atzo egindako hitzaldian nazio aniztasunarekiko beste sentsibilitate bat erakutsi zuela esan du.
Aurrerantzean, hala nahi duten diputatuek euskaraz, katalanez eta galegoz egin ahal izango dituzte hitzaldiak Kongresuko tribunatik. Radio Euskadiri eskaini dion elkarrizketan Aizpuruak azaldu duenez, albiste positiboa da. "Garrantzitsua da (horien erabilera) naturalizatzea, batez ere, duen balio sinbolikoagatik", gaineratu du.
Kongresuko Mahaia osatu eta biharamunean, Pedro Sanchezen balizko inbestidura "gertuago" ikusten du Aizpuruak. Horren aburuz, orain arte garrantzitsuena zen bloke aurrerakoiak Mahaian gehiengoa izatea, baina benetako negoziazioa orain hasiko da. EH Bilduk, besteak beste, lurraldetasuna jarriko du mahai gainean, eta negoziatzeko orduan "diskretuak" izaten jarraitu behar dela adierazi du.
Bestalde, Aizpurua lurraldetasunari buruzko gaietan EAJrekin akordioak lortzearen alde agertu da, alderdien interesetatik harago doan auzia dela iritzita.