Politika -
Urte politiko berria
Autogobernu gehiago izateko "estatu eredu berri bat" adosteko "aukera" baliatzeko deia egin du Urkulluk
Legegintzaldiaren azken txanparako dituen lan ildo nagusiak aurreratu ditu lehendakariak. Besteak beste, Osasuna, Gizarte Zerbitzuak eta Hezkuntza "hobetzen jarraitzea" eta enplegua sortzea aipatu ditu. Gainera, "Euskadik bere etxebizitza politika sustatzen" jarraituko duela nabarmendu du.
E. G. | EITB Media
Espainiako Gobernuaren inbestiduran indar abertzaleen botoak "behar-beharrezkoak" izango direla jakinda, ireki daitekeen "aukera berria" baliatzearen alde mintzatu da gaur Iñigo Urkullu lehendakaria, urte politikoari ekiteko egindako agerraldian. Hala, "elkarrizketa politiko eta instituzionalaren bidez, estatu eredu berri bat sortzea" proposatu du, Euskal Autonomia Erkidegoari autogobernu "gehiago eta hobea" emango diona.
Udako oporren ostean, Eusko Jaurlaritzak Donostiako Miramar Jauregian bildu du Gobernu Kontseilua. Ondotik, lehendakariak agerraldia egin du landutako gaien berri eman eta lan-urte berrirako helburuak zehazteko. Abiatu berri dena legealdiko azken urtea izango da, Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak noiz deituko zain. Kazetariek hitzaldiaren ostean galdetu badiote ere, Urkulluk ez du argitu noiz izango diren hauteskundeak, ez baitago bere buruan "hauteskunde autonomikoen epeaz hitz egitea", eta ez du argitu hautagai izango den: "Hori EAJri dagokio".
Lehendakariak "errazak izan ez diren" azken hiru urteen kontakizuna egin du. Euskal gizarteak zein erakundeek pairatutako "ezbehar kolektiboak", horren ustez, "gure egonkortasuna astindu du eta gure ongizate eta elkarbizitzaren estandarrak baldintzatu ditu".
"Aukera berria" lurraldetasunaren auzia konpontzeko
Legegintzaldiaren azken txanpan egin beharrekoak hizpide hartuta, lehendakariak esan du "aukera berri bat" ireki daitekeela hauteskunde orokorrek utzitako aritmetika estua tarteko. Gogorarazi duenez, Kongresuan gehiengoa osatzeko, "behar-beharrezkoa" izango da Euskadi, Katalunia eta Galiziako alderdi abertzaleen babesa. Horrela, aukera hori baliatzeko deia egin du "Trantsizioak estatuko lurralde-auziari dagokionez ondo konpondu ez zuena jorratzeko".
"Estatu eredu berri bat sortzeaz ari naiz, gaur egungo errealitateari erantzun egoki eta justuago bat emango diona. Ez dugu ahaztu behar Euskadin badela gehiengo zabal bat autogobernu gehiago eta hobea lortzearen aldekoa. Eta erantzuna eman behar zaio, ahalik eta adostasun zabalena bilatuz, gure gobernu programan jasota dugun bezala", azpimarratu du.
2018an egindako proposamen bat berreskuratu du lehendakariak: Konbentzio Konstituzionala, lege nagusi horren eta estatu ereduaren inguruko "gogoeta sakona" egiteko.
Nuñez Feijooren inbestidurarako negoziazioez kazetariek egindako galderei erantzunez, argitu du PPko buruzagiak atzo idatzi ziola, eta iragarri du berarekin telefonoz hitz egiteko prest dagoela. Dena dela, nabarmendu du orain "alderdien garaia" dela:
Osasuna, hezkuntza, enplegua eta etxebizitza, lehentasun
Horrez gain, zerbitzu publikoak inbertsioen bidez hobetzeko "lan egiteko" konpromisoa adierazi du, eta osasuna, segurtasuna, zerbitzu sozialak eta hezkuntza aipatu ditu horien artean. "Gure ongizate ereduaren muina dira", nabarmendu du.
Dena dela, inbertsiook "zorroztasunez eta seriotasunez" erabaki behar direla ohartarazi du, "errealismo printzipioa aplikatuta"; izan ere, argudiatu duenez, "kale eginez gero, denok pairatuko ditugu ondorioak".
Kazetarien galderei erantzunez, eta Hezkuntza Legea ahotan hartuta, nabarmendu du hezkuntza ituna izenpetu zuen taldeetako batek "alde egin" duela, eta horrenbestez, "beste indar batzuekin (EH Bildu) adosteko borondatea" duela Jaurlaritzak, nahiz eta EAJk eta PSE-EEk Ganberan gehiengo osoa izan.
Enpleguari dagokionez, Jaurlaritzak espero du Gizarte Segurantzan milioi bat afiliatuen langa gainditzea, eta enplegua sortzen jarraitzea. "Enpleguak kalitatezkoa izan behar du, lan-baldintza onak eta soldata onak eskainiko dituena". Ildo horretan, gazteei lan-baldintza onak eskaintzearen garrantzia azpimarratu du, emantzipaziorako gakoa baita.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak, azken 30 urteetan bezala, "bere etxebizitza politika sustatzen" jarraituko duela nabarmendu du. "Etxebizitza publikoa sustatzen eta eskubide subjektiboa bermatzen jarraituko dugu", gaineratu du.
Gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna lortzeko borroka ere aipatu du Urkulluk. "Zoritxarrez, uda honetan argi ikusi dugu urrun dugula oraindik", adierazi du Rubiales auziari erreferentzia eginez. Espainiako Futbol Federazioko presidentearen jarrera "erabat onartezina, desegokia eta justifikaezina" dela erantsi du.
Horrez gain, garapen jasangarriaren ereduaren aldeko apustua berretsi du. Azkenik, makroeskualde atlantiko bat sortzeko aldarriari eutsi diotela gogorarazi du, eta 2024ko aurrekontuen legea hizpide, "ahalik eta adostasun handiena" bilatu eta onartzen saiatuko direla azpimarratu du.