Politika -
Urte poltikoaren hasiera
EAJk atea itxi dio Feijoori, eta Sanchezi "urratsak" eskatu dizkio "nazio errealitate" guztiak aitortzeko
Alderdi jeltzaleak ohartarazi du Feijooren balizko Gobernua "Voxen mende" egongo litzatekeela.
EITB Media
EAJk hasiera eman dio urte politikoari Zarautzen egindako ekitaldi batean, eta, horretan, atea itxi nahi izan dio Alberto Nuñez Feijooren (PP) inbestidurari. Gainera, Pedro Sanchez PSOEko buru eta Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari "borondate politikoa" eskatu dio, Estatua osatzen duten nazioak aitortzeko.
Andoni Ortuzar EBBko presidentearen hitzetan, "PSOEk aukera historikoa du orain bestelako alternatiba bat eraikitzeko". "Estatuan diren nazio errealitateen autogobernu nahiak errespetatuko dituen lurralde eredu berri bat finkatzeko aukera bikaina du", berretsi du.
Horren ildotik, autogobernuan "aurrera" egiteko "benetako elkarrizketa politiko prozesua abiatzea" defendatu du.
Feijooren inbestidura
EAJk berretsi egin du ez duela babestuko "gobernu atzerakoi bat": "Askok ziria sartu nahi diguten arren, gobernu hori Voxen mende egongo zen gobernua eratzeko orduan eta, batez ere, legealdi osoan legeak onartzeko orduan. Eta guk Vox-ekin ez dugu ezertxo ere nahi".
"EAJ txanponaren alde batean dago eta Vox bestean. Demokraziaren kontra altxatu zirenen ondorengoak dira horiek. Milaka gudari hil zituztenen ondorengoak dira, dozenaka mila euskal herritar kartzelara eta erbestera bidali zituztenena, eta harro daude gainera. Euskadi eta demokrazia dira EAJren ardatzak. Horixe da EAJren abiapuntua eta helmuga, eta puntu horretatik ez gara mugituko", nabarmendu du.
"Prebentziozko grebak"
Bestalde, Ortuzarrek ohartarazi du hurrengo hilabeteak ez direla "errazak" izango, eta kritikatu egin ditu "prebentziozko grebak". "Greba horiek helburu politikoak dituzte, eta gizartea tentsionatu nahi dituzte, erakundeen aurka egiteko", adierazi du.