Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Urdaibaiko arraunlariak presoei buruz esandakoa "ez da politikoki gaitzesgarria", Otxandianoren ustez

EH Bilduko programa zuzendariaren hitzetan, "preso politikorik gabeko etorkizuna nahi izateak desio partekatua izan beharko luke". Salatu duenez, "aspalditik datorren polemika bat puzteko" saiakera da honakoa.

Otxandiano, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Otxandiano, elkarrizketaren une batean.
Pello Otxandiano, Urdaibaiko arraunlariak esandakoaz: ''Hitz horiek ez dira politikoki gaitzesgarriak''

2:44

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pello Otxandiano EH Bilduren Programa zuzendariarentzat, Iñaki Goikoetxea Bermeo Urdaibai arraun elkartearen arraunlariak ETAko preso bati buruz esandakoa "ez da politikoki gaitzesgarria". Adierazpenek harrabotsa sortu dute, batez ere Arnaldo Otegik txio batean goraipatu, eta lehendakaria eta beste buruzagi politiko batzuk kritiko azaldu ostean. Otxandianoren aburuz, baina, "preso politikorik gabeko etorkizuna nahi izateak desio partekatua beharko luke", eta argudiatu du bake-prozesuen estandarrek horren alde egiten dutela, presoen auziari aurre egitearen alde. 

Radio Euskadiko "Boulevard" saioari elkarrizketa eskaini dio EH Bilduko buruzagiak, eta azken egunotan "aspalditik datorren polemika puzteko" ahalegina izan dela salatu. Horren ildoan, aurrez tankerako gaiekin izandako beste ika-mika batzuk ekarri ditu gogora, hala nola EH Bilduk gidatzen dituen hainbat udalek memoriaren inguruan prestatutako webguneen harian sortutakoa edota koalizioaren hauteskunde-zerrendetan ETAko preso ohiak sartzearen inguruan hauspotutakoa. Kritikatu duenez, denetan leporatu zaio EH Bilduri "biktimak iraintzeko nahita egindako ahalegina", eta hori "faltsua" da, horren hitzetan.

Otxandianoren arabera, "herri honek normalizazioan eta elkarbizitzan pauso bat emateko desiragarria litzateke espetxe politika arrunta aplikatzea eta salbuespena bukatzea"; izan ere, ETAko presoei ohiko legedia aplikatuko balitzaie, hiru laurdenak aske egongo lirateke, horren hitzetan. Biktimek senti dezaketen mina uler dezakeela erantsi du, baina "balorazio morala gorabehera, (arraunlariaren hitzak) politikoki ez dira gaitzesgarriak", berretsi du. Horren harira, paralelismoa egin du: "Demagun Galindok (Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneral ohia) 15 urte daramatzala preso, eta guardia zibil batek, testuinguru informal batean, laguna etxean nahi duela esaten duela, betiere legea beteta. Kasu hipotetiko horretan, nik neuk ez nuke nahiko Galindo espetxean hiltzea". 

Beste hainbat gai ere hizpide hartu ditu Otxandianok elkarrizketan. Eusko Legebiltzarrean adostu behar den hezkuntza lege berriaz esan du akordioak "norekin" egiten diren baino, "edukiak" direla garrantzitsuenak. "Horri buruz ez gara ari", deitoratu du. Horren esanetan, "eztabaida erdigunean" jarri behar da: "eskola publikoaren beharrak betetzea, behin-behinekotasuna jaistea eta kalitatea bermatzea, adibidez" eta "jada gaindituta dagoen hizkuntza ereduaz harago jotzea", besteak beste. "PSE-EEri ez diogu abertzale bihurtzea eskatuko, baina bai baskista izatea", erantsi du sozialistek euskararekin dituzten desadostasunei buruz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Presoak bideoak ETA gaur EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Pello Otxandiano azken ordukoa