Politika -

BIDEGI AUZIA

EH Bilduk helegitea aurkeztuko du Bidegi auziko kereila artxibatzearen aurka

EH Bilduk uste du beharrezkoa dela "hirugarren peritu-txosten inpartzial bat" egitea, bi aldeek auzian aurkeztutakoez gain, obra horien "likidazioak utzitako milioi askoko gainkostua" argitzeko.

AP-1 errepidea eraikitzeko obrak. EITB Mediaren artxiboko argazkia.
AP-1 errepidea eraikitzeko obrak
AP-1 errepidea eraikitzeko obrak. EITB Mediaren artxiboko argazkia.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk iragarri du apelazio-errekurtsoa aurkeztuko duela Gipuzkoako Auzitegian, auzia bideratzen ari den epaitegiak Bidegi auziko bi kereiletako bat artxibatu duelako. Aldi berean, "peritu-txosten inpartzial bat" egiteko eskatuko du, "egia argitzeko".

Oskar Bordes EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bide Azpiegituren Batzordean duen bozeramaileak egin du iragarpena, duela astebete Azpeitiko Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiak auzia osatzen duten bi kereiletako bat behin-behinean artxibatu ostean.

Biak Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu zituen, EH Bilduk gobernatzen zuenean, funts publikoak bidegabe erabili eta AP-1 autobidearen eraikuntzarekin lotutako dokumentuak faltsutu zirelakoan, eta aurreko gobernuaren jardunari buruzkoak dira, 2007 eta 2011 artean Markel Olano (EAJ) buru zuen gobernuaren jardunari buruzkoak, hain zuzen.

Lehenengoa instrukzio-fasean dago oraindik, eta AP-1 autobideko zati batean (Eskoriatza-Arrasate iparraldea) egindako soberakin-biltegi, indusketa eta lur-mugimenduekin lotuta dago. Akusazioak 13,6 milioi euroko ustezko iruzurra kalkulatu zuen.

Aldundiak bigarren kereila bat aurkeztu zuen ondoren, ustez 17,1 milioi euroko funts publikoak bidegabe erabiltzeagatik eta Isuskitzako tuneleko lanen ordainketetan dokumentuak faltsutzeagatik. Hori da orain artxibatu dutena.

EH Bilduk uste du beharrezkoa dela "hirugarren peritu-txosten inpartzial bat" egitea, bi aldeek auzian aurkeztutakoez gain, obra horien "likidazioak utzitako milioi askoko gainkostua" argitzeko.

"EH Bildutik uste dugu epaileak uko egin diola eginbide jakin batzuk egiteari, besteak beste, hirugarren peritu-txosten inpartzial bat eskatzeari eta aurkezteari, aldeek egindako txostenez gain", azaldu du EH Bilduko buruzagiak.

"Horixe da, hain zuzen ere, Fiskaltzak prozesu honetan zehar eskatu duena", berretsi du Bordesek, eta gogorarazi du Fiskaltzak idatzi bat aurkeztu zuela 2021eko uztailaren 2an, kasuaren "konplexutasun eta teknizismo izugarria" azpimarratuz eta "gertakarien errealitatea argituko zuen aditu-froga independente bat" egitea eskatuz.

Horren ustez, txosten independente horrek "eraikuntza enpresei ordainketa irregularra egin ote zitzaien zehaztea" ahalbidetuko luke; izan ere, Fiskaltzaren arabera, "gatazkan zeuden alderdien peritu-txostenek erabateko kontraesanak zituzten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa Epaiketak Ekonomia EH Bildu Markel Olano Eguneko albisteak Albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia AP-1 autobidea