Politika -
GOBERNU OSAKETA
Podemosentzat "ezinbestekoa" da Montero Berdintasun ministro izatea Sanchez presidente izendatzeko
Monteroren esanetan, 'Bai bakarrik da bai' legearen defentsa egiterakoan albo batera egitea eta PSOEri errua botatzea zen errazena, baina ez zuen hori egin. Ione Belarrak, bere aldetik, Sumarri ohartarazi dio ezin direla U23ko hauteskundeetarako akordioak bere horretan errepikatu.
AGENTZIAK | EITB Media
Itxura guztien arabera, Alberto Nuñez Feijooren inbestidurak porrot egin du eta alderdiak hasiak dira dagoeneko Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko beren baldintzak ezartzen. Testuinguru horretan, Podemosentzat "ezinbestekoa" da Irene Montero jarduneko Berdintasun ministroak karguan jarraitzea, Mozal legea indargabetzea, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (SMI) 1.500 eurora igotzea eta alokairuko kontratu guztiak izoztea legegintzaldi honetan.
Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusiak Irene Montero eta beste alderdikide batzuekin gaur goizean Madrilen egin duen ekitaldian, legegintzaldi berrirako helburuak aipatu ditu. Azaldu duenez, feminismoak izan behar du "legegintzaldiaren motorra" eta horretarako "ezinbestekoa" da Monterok eta bere taldeak Berdintasun Ministerioan jarraitzea, eta onespenaren kontzeptua berreskuratzea Zigor Kodean.
Azken aldian Podemos eta Sumar mugimenduaren artean izan diren desadostasunen inguruan ere hitz egin du. Belarraren esanetan, bere erantzukizuna alderdiaren autonomia politikoa defendatzea da eta ohartarazi du ezin direla uztailaren 23ko hauteskundeetarako akordioak bere horretan errepikatu.
Irene Montero jarduneko Espainiako Berdintasun ministroak 'Bai bakarrik da bai' legearen defentsa egin du beste behin eta "oldarraldi matxistaren" aurrean albo batera egin ez izana aldarrikatu du. Gaineratu duenez, PSOEri errua botatzen zen errazena, baina ez zuen hori egin.