Politika -
Alderdi Eguna 2023
EAJk alderdiaren "batasuna" eta "indarra" aldarrikatuko ditu aurtengo Alderdi Egunean
Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioak eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ate joka direla, datozen hilabeteak euskal gizartearen etorkizunerako eta ongizaterako "esanguratsuak" izango direla uste dute jeltzaleek.
EITB Media
Urtero bezala, EAJk Alderdi Eguna ospatuko du iraileko azken igandean Forondako zelaietan, eta aurtengoan alderdi "indartsua", "batua", eta taula politikoan "ondo kokatua" egongo dena aldarrikatuko du.
Mireia Zarate Euzkadi Buru Batzarreko idazkariak jeltzaleen urteroko jaiaren aurtengo edizioa aurkeztu du gaur goizean Forondan. Aurtengoa, 47. edizioa izango da eta irailaren 24an ospatuko da.
Aurtengorako aukeratutako leloa "Batzen gaituena" da, EAJren arabera, garai politiko "esanguratsuak" ditugulako aurrean: batetik, gobernua osatzeko negoziazioak Madrilen; bestetik, legegintzaldiaren amaiera eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak EAEn. Jeltzaleen esanetan, datozen hilabeteetan euskal gizartearen etorkizuna eta ongizatea jokoan egongo dira, eta erronka horiei aurre egiteko EAJ "indartsua" behar da, "batua", eta EAEko taula politikoan "ondo kokatua" egongo dena.
Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara "apaltasun osoz", baina aldi berean "anbizioarekin" aurkeztuko da "Euskadi, egunez egun, bizitzeko eta elkarrekin bizitzeko gero eta toki hobea egiten jarraitzeko".
Zaratek azaldu duenez, Alderdi Eguna da EAJ "euskal hiritargoaren ongizatea bermatzeko eta gorenera eramateko tresnarik eraginkorrena dela sinesten dugun milaka emakume eta gizon, gazte zein nagusi, batzen gaituen lokarria".
Euskal Herritik kanpotik etorritako lagunak ere izango dira Alderdi Egunean: Kataluniakoak, Galiziakoak, Kanariar uharteetakoak, Balear uharteetakoak, Flandriakoak, Okzitaniakoak, Bretainiakoak, Txilekoak, Kurdistangoak eta Afrikakoak.
"Erabateko normaltasuna" itzuliko da aurten Alderdi Egunera, pandemiaren ostean iaz berriro "elkartu" ondoren.