Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Rebordinos: "Evoleren filma ikusi duten biktima batzuen ustez, min egin dezake, baina ez du ETA zuritzen"

Zinemaldiko zuzendariak nabarmendu duenez, ziur zeuden "No me llame Ternera" ez zela Sorturen gustukoa izango, baina Arkaitz Rodriguezek ikusi ostean kritikatu izana eskertu du. "Ikusi barik kritikatzea da errespetatzen ez dudana", esan du.

"No me llame Ternera" filmaren kartela. Argazkia: @sansebastianfes
"No me llame Ternera" filmaren kartela.
"No me llame Ternera" filmaren kartela. Argazkia: @sansebastianfes

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak nabarmendu duenez, Josu Urrutikoetxea ETAren buruzagi ohiari egindako elkarrizketa oinarri duen No me llame Ternera filmak "askotariko iritziak" sorrarazi ditu pelikula ikusi ahal izan duten terrorismoaren biktimen artean (bihar ikusi ahalko du publiko orokorrak). 

"Batzuek uste dute pelikulak biktimak mindu ditzakeela, ETAren baitan erantzukizun postuak izan zituen gizon batek hitz egiten duelako, baina inork ez du uste ETA zuritzen duenik", azaldu du Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketan. Are gehiago, argitu duenez, biktimetako batzuk "esan dute interesgarria litzatekeela ikastetxeetan ematea, gazte jendeak hau zer izan zen jakin dezan".

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak pelikula kritikatu duela eta —"gatazkaren begirada oso partziala" egiten duela esan zuen—, Rebordinosi ez zaio harrigarria egin. "Ziur geunden Sorturen sektoreari ez zitzaiola gustatuko, bere garaian ETA babestu zuelako nolabait". Dena dela, Rodriguezek behintzat ikusi ostean kritikatu duela adierazi du. "Ez du nire kontrako irainik bota, eta ez du pelikula kentzeko eskatu". Ifrentzuan, beste batzuek "sekulakoak eta bi bota dizkigute, eta, filma ikusi barik, bertan behera uzteko eskatu digute", argudiatu du. 

Hain justu, dokumentalaren emanaldiak bertan behera uzteko eskatzen zuen gutunaren harira, argitu du orotariko iritziak errespetatzen dituela, baina ez dela onargarria film bat ikusi barik hura kritikatzea. Horren iritzian, "ematen du publikoa tontoa dela. Adinez nagusia den jendeak ikusiko du; terrorista bat ikusteak ez zaitu terrorista bihurtzen". 

Azkenik, nabarmendu duenez, sail ofizialean lehiatuko diren 16 pelikuletako hiru emakumeek zuzendu dituzte eta bik zuzendari donostiarra dute. Hain zuzen ere, Isabel Hergueraren (Sultanaren ametsa) eta Jaione Cambordaren (Adarra) filmetan euskara eta galiziera entzuten dira, eta ederra iruditu zaio. "Hizkuntzekin hainbeste polemika dagoen honetan, esan behar dugu normala dela; Espainian herri ezberdinak daude, eta hizkuntza ezberdinak". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Zinemaldia Donostia ETA Zinema Eguneko albisteak Kultura Albisteak Terrorismoaren Biktimak