Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Ezenarro: 'Ez dut nire burua inolako alderdi politikotan ikusten'
Aralarreko legebiltzarkideak esan duenez, "ez dut beste alderdi politikoetan afiliatzeko gogorik, baina nire ideiak izan baditut: abertzalea eta ezkertiarra naiz".
Erredakzioa
Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak Eusko Legebiltzarreko jesarlekua utziko du datorren uztailaren 31ean. Horri buruz, besteak beste, hitz egin du Ezenarrok Radio Euskadin eskainitako elkarrizketan. Bertan azaldu duenez, "ez dut nire burua inolako alderdi politikotan ikusten". Hala ere, "horrek ez du esan nahi ezinezkoa dela politika egitea", argitu du.
"Aralar nire lehenengo alderdi politikoa izan da eta, momentuz, bakarra", adierazi du, "izan dugun esperientziaren ostean, ez dut beste alderdi politikoetan afiliatzeko gogorik, baina nire ideiak izan baditut: abertzalea eta ezkertiarra naiz".
EH Bildu koalizioatik at Aralar utzi izanari buruz galdetu diote, eta horren harira Ezenarrok azpimarratu duenez, "alderdi desberdinen arteko lankidetza egokia izan daiteke oinarri minimo batzuk partekatzen baldin badira". "Egun Aralarren jada ez gauden batzuok esan genuen une hartan beharrezkoak ziren oinarri minimo horiek ematen ez zirela", gogoratu du, "giza eskubideen alorrari dagozkion oinarriei buruz ari naiz".
Honen harira, "esparru honetan azken hamar urteetan Aralarrek egin duen ibilbidea ez dute inolaz ere Batasunak edo Sortuk egin". "Haiek batera egotea defendatu zuten, baina guk ez geunden ados, izan ere, betidanik esan dut bi alderdien artean boterea banatzea ez dela inolako herrialderako irtenbidea".
"Aralar alderdi txikia da, baina auzi askotan pizgarri modura funtzionatu du, ondorioz, Aralarrek protagonismoa izaten jarraitzen zuen", esan du Ezenarrok, "eta hori da besteek ulertu ez dutena".