Politika -

4 URTEKO ESPETXE ZIGORRA

Zelaia eta Barbado atxilotu egin dituzte Gasteizko Gobernu Militarreko balkoian ezustean agertu eta gero

2021 hasieran lau urteko espetxe zigorra ezarri zieten bi gazte arabarrei. Irailaren 25ean amaitu zitzaien euren borondatez espetxean sartzeko epea. Ezustean, Gasteizko Gobernu Militarraren balkoian agertu dira arratsaldean. Atxilotu eta Zaballako kartzelara eraman dituzte.

Aitor Zelaia eta Galder Barbado Espainiako Gobernu Militarrean, Gasteizen. Argazkia: @alea
Aitor Zelaia eta Galder Barbado Espainiako Gobernu Militarrean, Gasteizen. Argazkia: @alea
Espetxeratzeko agindua zuten gazte arabarrak atxilotu ditu azkenik Ertzaintzak Gasteizen

1:31

E. JAUREGI OIARTZABAL

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteak espetxeratzeko agindua salatzeko manifestazioa deituta zuen Ankerkeria Stop plataformak, Gasteizen, 18:30erako. Aurrez, 17:00ak aldera, ezustean agertu dira bi gazteak Gasteizko Gobernu Militarraren balkoian, kamiseta aldarrikatzaile urdinez jantzita eta jendetzak babestuta. Ordu eta erdi inguru egin dute bertan, eta 18:30 aldera atxilotu egin ditu Ertzaintzak.

Polizia-furgoietan sartu eta Zaballako espetxera eraman dituzte. Eraikin ofizialaren atarian bildutako dozenaka lagunek txalo artean agurtu dituzte atxilotuak, eta animo oihuak egin dizkiete.

2021 hasieran, lau urteko espetxe zigorra ezarri zieten Zelaiari eta Barbadori "lehergaiak gordetzea" egotzita. Errekurtsoak amaituta, 10 eguneko borondatezko epea eman zieten irailaren 15ean, espetxean sartzeko. Irailaren 25ean amaitu zen, beraz, euren borondatez kartzelara sartzeko epea eta edozein unetan atxilotuak izateko arriskuan zeuden.

Zelaia eta Barbado Gasteizko Gobernu Militarrean azaldu dira, euren aldeko martxaren atarian
Zelaia eta Barbado Gasteizko Gobernu Militarrean azaldu dira, euren aldeko martxaren atarian
Zelaia eta Barbado Gasteizko Gobernu Militarrean azaldu dira, euren aldeko martxaren atarian

0:19

"Auzitegi Nazionalaren begietara euskal militante guztiak gara errudun"

ANkerkeriari Stop plataformak deitutako manifestazioa Zelaia eta Barbado atxilotu ondoren egin da, 19:00etan.

Lau urteko prozesu baten ondoren, Aitor Zelaia eta Galder Barbado atxilotu izana gogor gaitzetsi dute Maddalen Muguruza eta Miren Lapitz plataformako kideek, manifestazioa amaitu ondoren egindako adierazpenetan. "Auzitegi Nazionalaren iritziz, euskal militante guztiak gara errudunak, eta militantzia hori zigortzeko eskura dituen mekanismo guztiak erabiliko dituzte", salatu dute.

"Zentzugabekeriatzat" jo dute gertatutakoa, eta gazteak aske uzteko eskatu dute. "Honelako prozesu judizial ankerrek lekurik izango ez duten errealitate batera bidean aurrera egin beharra" daukala Euskal Herriak ere esan dute.

Azkenik, eskerrak eman nahi izan dizkiote euskal gizarteari "bidegabekeriaren aurrean, beste behin ere, sortu den elkartasun oldeagatik".

Auzia

2019ko otsailaren 7an atxilotu zituzten bi gazteak, urtebete lehenago Duranan (Arratzua-Ubarrundia) material lehergarriak zituen bidoi baten aurkikuntzarekin lotuta. Sei hilabete egin zituzten espetxean eta behin-behinean libre geratu ostean, handik bi urtera epaitu zituzten.

2021eko urtarrilean izan zen haien aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Otsailean, 4 urteko espetxe zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta 10 urteko inhabilitaziora kondenatu zituzten bi gazteak. Horren aurrean, baina, helegitea aurkeztu zuten eta, bi urte pasa eta gero, maiatz amaieran, Auzitegi Gorenak zigor hori berretsi egin zuen.

Geroztik, hainbat protesta ekintza izan dira Zelaia eta Barbadoren espetxe zigorra salatzeko. Ekainean agerraldi jendetsua izan zen, adibidez, Amurrion eta azken azken asteotan ere beste hainbat protesta izan dira. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Auzitegi Gorena argazkiak Delituak albisteak Epaiketak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Gazteak azken ordukoa