Politika -
Justizia Saileko kontratuak
Irregulartasunen salaketa 'zuzentzeko' exijitu dio Azkarragak Mendiari
Fiskalak kontratuen auzia ixteko hartutako erabakiak sailburua eta sailburuordea ''berehala'' dimisioa aurkeztera ''behartu'' behar dituela uste du Juanjo Agirrezabalak.
Erredakzioa
Joseba Azkarra Justizia sailburu ohiak (EA) Idoia Mendiari kontratu irregularren inguruko salaketa publikoki "zuzentzeko"exijitu dio. Justizia Saileko kontratuen auzia artxibatzeko erabakia hartu du gaur fiskalak.
Idoia Mendia buru duen Sailak Fiskaltzaren esku jarri zituen 2000 eta 2009 bitartean Justizia Sailak egindako ustezko zenbait kontratu irregular. Joseba Azkarraga (EA) zuen garai hartan Sailak buru, eta guztira, 23 milioi euroko kontratuak ziren.
Gaur, fiskalaren erabakiarekin "pozik" dagoela esan du Azkarragak, baina prozesu horretan, "arrazoi politikoak bultzatuta", gaitzustean aritu direla salatu du.
Ibermatica, pozik
Jose Luis Larrea Ibermaticako presidentea ere "pozik" agertu da fiskalak hartutako erabakiarekin eta enpresari egindako "kaltea" nola konpondu behar duten galdetu du.
Ikerketaren ondoren, Ibermaticak "bezeroaren mesederako" lan egin duela "frogatutzat" eman dela azpimarratu du ohar batean.
"Normaltasunez" lan egin nahi dutela adierazi du Larreak. Langileen "konpromisoa" eta "jarrera" goraipatu nahi izan du, azken hilabeteetan Justizia Sailean "giro nahasiarekin" lan egin behar izan dutelako.
EAk Mendiaren dimisioa eskatu du
Justizia Saileko ustezko kontratu irregularren auzia artxibatzeko erabakia hartu du fiskalak, eta erabaki horrek Idoia Mendia sailburua eta Maria Victoria Cinto sailburuordea ''berehala'' dimisioa aurkeztera ''behartu'' behar dituela uste du Juanjo Agirrezabala Eusko Alkartasuna alderdiko parlamentariak.
Idoia Mendia buru duen Sailak Fiskaltzaren esku jarri zuen 2000 eta 2009 bitartean Justizia Sailak egindako ustezko zenbait kontratu irregular. Joseba Azkarraga (EA) zuen garai hartan Sailak buru, eta guztira, 23 milioi euroko kontratuak ziren. Astelehen honetan, Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak auzia artxibatzeko agindua eman du, ez baitu delitu zantzurik ikusi.
Egungo Justizia Saileko arduradunen jarrera ''arduragabea'' izan dela esan du EAko ordezkariak, ohar batean. ''Salaketaren bidez auzi horretan nahastu zituzten pertsonei eta enpresei konpondu ezin den kaltea egin diete'', jaso du Agirrezabalak idatzi horretan.
EAko ordezkariak uste du publikoki ''hain delitu larriak'' inputatzen dituen Justizia sailburu batek ''epaitegien babesa jasotzen ez badu'', kargu horretan jarraitzeko gaitasunik ez duela.
Halaber, bai Mendiak eta bai Cintok Legebiltzarrean agerraldia egitea eskatu du parlamentariak, bertan zuzenketa egin dezaten, eta, ''ahal den neurrian'' Inmaculada de Migueli, Ana Molinari eta Ibermatica eta Indra enpresei egindako kaltea konpontzeko.