Politika -
Erasoa
Fernando Buesa Fundazioak familiaren "samin sakona" nabarmendu du haren hilobiak jasandako erasoa tarteko
Eduardo Mateo Fundazioko proiektu burua EH Bilduri eta Arnaldo Otegiri zuzendu zaie, eta ETA "deslegitimatu eta gaitzetsi" dezatela galdegin die. "Esan dezatela ez zuela inoiz existitu behar", azpimarratu du.
Agentziak | EITB Media
Fernando Buesa ETAk 2000. urtean hildako PSE-EEko buruzagiaren familiak "samin sakona" du haren hilobiaren kontra egindako "bandalismo" ekintza tarteko. Era berean, atzo Buesaren zein Jorge Diez bizkartzainaren (hura ere atentatu berean hil zuten) monolitoaren kontra egindako erasoa gaitzetsi du.
"Familia triste dago, hunkituta, urduri ere bai, gogora baita. Atzera bueltatzea bezala da, Fernandoren hilketara itzultzea bezala, eta Jorge Diezen familia ere sufritzen ari da", nabarmendu du Eduardo Mateo Fundazioko proiektuen arduraduna.
Mateok Gasteizko Bozeramaileen Batzordeak goizean onartu duen adierazpen instituzionalaz ere mintzatu da. EH Bildu ez beste taldeek onartu dute gaitzespen testua, eta koalizioari zuzendu zaio: "Hizkuntza oso garrantzitsua da eta gaitzespenak esanahi etiko eta morala du. Beti gertatu izan da gauza bera, eta kasu honetan, mundu horretako jende guztiari eskatzen diogu aurrerapausoa egin dezala eta aitortu dezala indarkeriak ez zuela existitu behar, ez zela bidezkoa izan. Deslegitimatu eta gaitzetsi behar dugu", argudiatu du.
Fundazioaren aburuz, EH Bilduk "pausoak ematen ez baditu, elkarbizitza ez da posible". Bestalde, Otegik erasoa "errefusatu" duela eta, Mateok esan du "egileak ezagutzen ez baditu" ekintzok "gaitzetsi" beharko lituzkeela.
Sara Buesa Fernando Buesaren alaba minduta mintzatu da, eta "gorrotoaren eta ankerkeriaren aurrean, maitasuna eta errukia" zabaltzen jarraituko duela hitzeman du.