Politika -
Konferentzia Politikoa
EH Bilduk "estatus politikoaren inguruan adostasunik zabalena erdiesteko" eskaera egin du
Arnaldo Otegik dei horixe egin die "Euskal Herriaren izaera aitortzen dutenei", % 99ko babesarekin koalizioaren urteko plan politikoa onartu duen Konferentzia Politikoan.
eitb media
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak "estatus politikoaren inguruan adostasunik zabalena erdiesteko" deia egin die "Euskal Herriaren izaera aitortzen dutenei".
EH Bilduk urtero egiten duen Konferentzia Politikoaren baitan egin ditu adierazpenok, Gasteizko Europa Jauregian, Palestina eta Israelen arteko gatazkan elkarrizketa bidezko irtenbidea aldarrikatu ondoren.
% 99ko babesarekin urteko Plan Politikoa onartu duen koalizioko koordinatzaile nagusiak gaineratu duenez, "herri babes gero eta handiagoa" dute, haiena "herri proiektua" delako: "Ez da alderdi proiektua. Benetan handia izateko jendearekin egon behar da, eta ez jendearen gainetik".
Bestalde, eta Espainiako politikari begira, berretsi du eskuindarrei ateak ixteko aukera baliatzen saiatuko direla: "Guk ez dugu espekulatzen. Ez dugu txikikeriatara jokatzen. Gure ardura da, eta arduraz diogu beste legealdi baten aldeko apustua egiten dugula".
Baina ordezkari abertzaleak azpimarratu du legealdi berri horrek erantzun egin beharko liokeela "arazo nazionalari", eta zentzu horretan, "gure herriak nahi eta behar duen estatus politikoaren inguruan adostasunik zabalena erdiesteko" deia egin die "Euskal Herriaren izaera aitortzen duten eragile politiko, instituzional eta sindikalei".
Atzo Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidentetza lortu zuen Xabier Alkuaz EH Bilduko kidea ere Europa Jauregian egon da Konferentzian parte hartzen, eta kideen txalo zaparrada beroa jaso du.