Politika -
Bidaia ofiziala Japonian
Urkulluk ez du amnistiari buruzko Senatuko batzordean parte hartuko: "PPren kanpainaurreko ekimena da"
Lehendakariak azaldu duenez, hedabideen bidez izan du datorren ostegunerako deialdiaren berri, eta "PPren interes politikoaren aldeko kanpainaurre ekimena" dela kritikatu du.
Agentziak | EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak gaur iragarri duenez, ez da joango erkidegoetako presidenteek Senatuan egingo duten bilerara, Kataluniako independentistek Pedro Sanchezen inbestidura babesteko eskatzen duten amnistiaren inguruan iritzia ematera.
Urkullu bidaia ofizialean dago gaurtik Japonian, eta Tokioko Unibertsitatera egindako bisitan, ikasle japoniarrei euskara eskola eman ondoren, Goi Ganberako Autonomia Erkidegoen Batzorde Orokorrak datorren ostegunean, hilak 19, egingo duen deialdiari buruz hitz egin du.
Esan duenez, deialdi horren berri komunikabideen bidez izan du, eta "PPren interes politikoaren aldeko kanpainaurre ekimena" dela uste du. Era berean, beste presidente sozialista batzuek iragarri dute ez direla joango.
Lehendakariak kritikatu duenez, Senatua "ez da izan beharko lukeena", "ordezkaritza eta lurralde eztabaidarako ganbera", eta erkidegoei "orain arte" aintzat hartu ez izana deitoratu du. PPk orain Ganberan gehiengo osoa duela gogorarazi du Urkulluk.
Bilera horrekin PPk duen "interes politikoa" azpimarratu ondoren, Urkulluk gogorarazi du Kataluniako prozesu independentistaren inguruan duen jarrera aspalditik dela ezaguna, iritzia "idatziz" eman duelako eta Auzitegi Gorenean lekuko gisa deklaratzera ere iritsi zelako.
"Esana dago, amnistiari buruz pentsatzen dudana bezala, gai politiko bat ez baitzen inoiz judizializatu behar, are gutxiago zigor penalak dituen prozesu batekin", nabarmendu du Urkulluk, eta egoera aldatu ahal izatearen alde egin du.