Politika -

EZOHIKO OSOKO BILKURA

Amnistiaren aurkako adierazpen instituzionalaren proposamena eztabaidatzeko bilduko da gaur Botere Judiziala

Bloke kontserbadoreko zortzi kidek bultzatutako ekimenaren aurka bozkatuko du, ziur aski, bloke aurrerakoiak.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren bilera. Artxiboko argazkia: EFE
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren bilera. Artxiboko argazkia: EFE
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren bilera. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ezohiko osoko bilkura egingo du astelehenen honetan, 19:00etatik aurrera, bloke kontserbadoreko zortzi kidek amnistia legearen aurkako adierazpen instituzionala egiteko aurkeztu duten proposamena eztabaidatzeko.

Vicente Guilarte Kontseiluko bitarteko presidenteak ezohiko bilera deitzea erabaki zuen azaroaren 1ean, Kontseilu Nagusia osatzen duten 16 kideetatik zortzik adierazpen instituzional bat egiteko eskatu ostean. Adierazpen horretan, PSOE ERCrekin eta Juntsekin adosten ari den amnistia legearen ondorioz "kezka bizia eta atsekabea" adierazi nahi dute.

Adierazpen instituzionala aurrera atera dadin, gutxienez 9 mahaikideren botoak behar dira. Jakina da bloke kontserbadoreko 8 kide horien oniritzia izango duela, baina, ziurrenik, sektore aurrerakoiko 6 kideek ezezkoa botoa emango dute. Zalantzan dago, berez, bloke kontserbadorearekin identifikatzen diren beste bi kontseilukidek zer egingo duten: Guilarte berak eta Wenceslao Oleak. Hainbat iturriren arabera, abstenitu egingo dira.

Eskaera egin duten kontseilariak Carmen Llombart, Jose Antonio Ballestero, Francisco Gerardo Martinez-Tristan, Juan Manuel Fernendez, Juan Martinez Moya, Jose Maria Macias, Nuria Diaz Abad eta Maria Angeles Carmona dira, guztiak Alderdi Popularrak proposatutakoak.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko iturrien arabera, kide aurrerakoi guztiek ezezkoa bozkatuko lukete, haien ustez eskatzen dena adierazpen politikoa baita, eta ez adierazpen instituzionala. Era berean, azpimarratu dute kide horiek uste dutela ez dela une egokia, oraindik ez baitago legerik mahai gainean. Informazio horien arabera, ez dago aurrekaririk, ez baita inoiz gertatu lege proposamenik egon gabe horrelako adierazpen bat eskatzea.

CPGJk Kongresuan testu bat erregistratu duenean baino ez duela bere iritzia eman gogorarazi dute, eta, horrekin batera, nabarmendu dute Kontseiluak lege-aurreproiektuei buruzko txostenak egiteko eskumena baino ez duela, eta ez duela inolako eskumenik talde parlamentarioek adosten dituzten itunak kontrolatzeko.

Sektore aurrerakoiaren inguruko zenbait ahotsek uste dute sei kideek ez luketela osoko bilkura berezian agertu ere egin beharko. Hala eginez gero, ez legoke bilera egiteko behar adinako 'quorum'ik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Madril Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia Amnistia Legea