Politika -
Protesta sustatzeagatik
Gobernuak FACUA mehatxatu du azken murrizketak salatzeagatik
Azken neurrien aurkako kanpainak bertan behera uzteko eskatu dio Kontsumo Institutu Nazionalak Kontsumitzaileen Elkarteen Federazioari. Bestela, Elkarteen Erregistrotik botako duela ohartarazi du.
Erredakzioa
Gobernuak FACUA Kontsumitzaileen Elkarteen Federazioa legez kanpo utzi nahi duela salatu du Interneteko sare sozialen bitartez elkarte honek. FACUAk hainbat kanpaina abiatu ditu Mariano Rajoyren azken neurri ekonomikoak salatzeko.
Honen aurrean desadostasuna erakusteko, Kontsumo Instituto Nazionalak gutuna bidali dio FACUAri, eta 15 egunetan kanpaina hauek bertan behera uzteko eskatu dio. Bestela, "kontsumitzaileen elkarteen izaera galduko eta Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteen Erregistro Nazionaletik at utziko" dutela ohartarazi dio.
Kontsumo Instituto Nazionalak azpimarratu duenez, "FACUAk abian jarritako kanpainek ez dute elkarte hauek dituzten helburuekin lotura zuzenik". Halaber, kontsumo-greba sustatu izana salatu du, "elkarte honen helburuen mugak gainditzea dena".
Epaileengana jo
Gauzak horrela, kontsumitzaileen elkarteen erregistrotik Gobernuak FACUA botako balu epaileengana joko luketela ohartarazi du Ruben Sanchez FACUAko bozeramaileak. Halaber, jarrera "batere" ez dutela aldatuko azpimarratu du, osasun edo hezkuntza publikoaren arloan kontsumitzaileen eskubideak defendatzen jarraitzeko.
Ministerioak "mehatxuak" ukatu ditu
Facua kontsumitzaileen elkarteari mehatxu egin izana ukatu du Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak, eta idatzia legea bete behar duela esateko bidali duela adierazi du Ana Matok zuzendutako ministerioko bozeramaile batek.
Ministerioaren esanetan, ez dute erakunderik "legez kanpo uzteko" inolako asmorik, "mundu guztiak" elkarte bat sortzeko "eskubidea" baitu. Hala ere, eskubidearekin batera "baldintza batzuk" bete behar dituztela nabarmendu du, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteen Estatuko Erregistroan izena emateagatik.
Hona hemen FACUAk abiatutako kanpainen bideotako bat: