Politika -
Hauteskundeak EAEn
Egibar: 'Hauteskundeak urriaren bukaeran edo azaroan izango dira'
Joseba Egibarrek Euskadi Irratian adierazi du ez duela zalantzarik datozen hauteskundeak "urriaren amaiera eta azaroa amaiera bitartean" izango direla.
Redacción
Joseba Egibarrek Euskadi Irratiko "Albiste Faktorian" adierazi duenez, "hauteskundeak noiz izango diren zehazki ez dakigu, baina urriaren amaieran edo azaroa bitartean izango dira".
"Nik uste dut udazkenera aurreratuko direla; honek ez du iraupenik eta Gobernu honek ez du aurrekontu proiektu bat aurkeztuko".
Gaur Noticias taldeko komunikabideek hauteskundeetarako data urriaren 25a izango dela argitaratu dute, Gernikako Estatutuaren eguna dela aprobetxatuz Patxi Lopezek bultzatutako jaieguna hain justu ere. Ildo honetan, Egibarrek esan du ez diola data horri zentzurik ikusten, baina "urriaren amaiera eta azaroaren amaiera bitarte horretan izango dira hauteskundeak", bere iritziz.
Bestalde, ETAren mehatxua zela eta Euskaditik alde egin behar izan zutenek EAEn botoa emateko ekimenaren inguruan, "hanka sartze handia" dela uste du Egibarrek, eta PPren "ahulezia " erakusten duela dio.
Indarkeria dela eta Euskaditik joan zirela "ziurtatu eta horrekin boza emateko aukera" gogor kritikatu du. "Gu horren aurka egongo gara", adierazi du.
Joxe Mari Kortaren omenaldia
GBBko buruak Martin Garitano ETAk orain 12 urte hil zuen Joxe Mari Korta enpresaburuaren omenaldira joatea baloratu du eta "ikusi egin beharko da duen sinesgarritasuna", adierazi du.
Garitanoren presentziak ezker abertzalearen "pauso" berri bat adierazi dezakeen ala ez galdetuta, "egiazko pausoak eman nahi badituzte, azken hamarkadetan gertaturikoaren irakurketa politikoa" egin behar duela uste du, "herri honi azalpen bat zor diotelako", gaineratu du.