Politika -

Espainiako ultraeskuina

Lau atxilotu Ferrazen izandako istiluengatik, tartean Pablo Lucini, Democracia Nacionaleko ordezkaria

Dagoeneko 81 pertsona atxilotu dituzte protestetako ia hiru asteetan, tartean 'El Mundo' eta 'El Español' egunkarietako bi kazetari eta Vito Quiles komunikatzailea.

Ultraeskuindarren protestak Ferrazen (Madril). Argazkia: EFE
Ultraeskuindarren protestak Ferrazen (Madril). Argazkia: EFE
Ultraeskuindarren protestak Ferrazen (Madril). Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak lau pertsona atxilotu ditu, tartean Pablo Lucini Democracia Nacional eskuin muturreko alderdiaren Madrilgo ordezkaria, amnistiaren aurkako protestetan Madrilgo Ferraz kalean dagoen PSOEren egoitzaren aurrean izandako istiluengatik, Poliziako iturriek jakitera eman dutenez.

Guztiei desordena publikoen delitua leporatzen zaie, eta ez da baztertzen atxiloketa gehiago egitea. Espainiako Poliziak eta hedabideek PSOEren egoitzaren ondoan egindako grabazioen bidez zehaztu dute agenteek delituen egileak.

Dagoeneko 81 pertsona atxilotu dituzte Kataluniako prozesuaren ondorioz zigortutako pertsonen amnistiaren aurkako protestetan, tartean El Mundo eta El Español egunkarietako bi kazetari eta Vito Quiles komunikatzailea.

Lucini Madrilgo Democracia Nacionaleko ordezkaria da, eta hainbat egunetan sozialisten egoitzaren ondoan deitutako elkarretaratzearen lehen lerroan izan da. Bertan, Pedro Chaparro alderdiko buruzagia ikusi ahal izan zen. Chaparro 2013an Madrilgo Blanquerna liburu-dendari egindako erasoagatik zigortu zuten.

Ferrazeko manifestazioetan ultraeskuindar kutsuko beste eragile batzuetako kideak bildu dira, hala nola, Hacer Nacion edo Bastion Frontal, baita Real Madrileko (Ultra Sur) eta Atletico Madrileko (Frente Atletico) ultrak ere, Poliziako iturriek azaldu dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Madril Protestak gaur Vox Ultraeskuina Espainiako Amnistia Legea