Politika -
Elkarrizketa
Melgosa: "Indarkeria matxista gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunaren adierazlerik larriena da"
Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren arabera, "berdintasun- eta ahalduntze-politikek gutako bakoitzak gertu dugun egoeraren diagnostiko bat egitea ahalbidetzen digute".
Olatz Prat | EITB MEDIA
Indarkeria matxistaren biktimak artatzeko telefonoan deiak areagotu izana gizarteko sektore desberdinetatik egiten diren "sentsibilizazio- eta ahalduntze-kanpainen" ondorio da, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren arabera, hain zuzen ere, kontzizentziazioa gero eta handiagoa delako.
Radio Euskadin ostiral honetan, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren bezperan, egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, "berdintasun- eta ahalduntze-politikek gutako bakoitzak gertu dugun egoeraren diagnostiko bat egitea ahalbidetzen digute". Adibide gisa jarri du azken egunetan abiatu den sentsibilizazio-kanpaina; emakumeek telefono horretan kontatutako benetako egoerei buruzko bideoak erakutsi dira. "Kanpaina gogorra da, euren burua indarkeriaren biktima gisa identifikatzeko zalantzak izan ditzaketen emakumeek beste emakume batzuen lekuan jarri eta argiago ikus dezaten eurak ere biktima direla".
Azpimarratu du gero eta emakume gehiago animatzen direla bizi duten egoera salatzeko pausoa ematera. "Gizarteak gero eta babes handiagoa ematen die", eta, horrez gain, "egoera horretatik pasa diren emakumeen elkarte asko daude beste emakume batzuei prozesu honetan laguntzen".
Barakaldoko kasua ere izan dute hizpide, biktimen eta biktimarioen arteko tratu-desberdintasunari buruz hitz egiteko; izan ere, kasu horretan, indarkeriaren biktima den emakumeak bizkartzaina darama egunean 24 orduz, biktimarioa libre dagoen bitartean. Melgosak kasu zehatz horretan sartu gabe azaldu duenez, zaintzarena emakumeekin zein epaitegiekin lantzen ari diren gaia da, eta aukerak aztertzen ari dira zaintzaren pisua biktimarioak izan dezan, ez biktimak.
Hala ere, azpimarratu duenez, "garrantzitsuena biktima babestea eta seguru sentiaraztea da, bereziki salaketa jartzeko urratsa eman dutenak zainduz eta babestuz".
Horren arabera, garrantzitsua da emakume guztiek SATEVIren telefonoa (900 840 111) ezagutzea, "bertan emakumeak modu anonimoan artatuko baitituzte espezialista eta profesional handiek".