Politika -
2023. urteko saria
Heriotza Zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordeak jasoko du René Cassin saria
Batzordearen izenean, Marta Santos Paisek jasoko du saria, abenduaren 11n egingo den ekitaldian. Santos Pais Haurren aurkako Indarkeriari buruzko Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren ordezkari berezia izan zen 2009 eta 2019 artean.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak Heriotza Zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordeari (ICDP, horren ingelesezko siglak) emango dio 2023an René Cassin saria, "munduko herrialde eta eskualde guztietan heriotza-zigorra indargabetzearen alde egindako borroka nekaezinagatik".
Epaimahaiaren aburuz, "sentsibilizazioaren, ikerketaren, politiken sustapenaren, estatuentzako laguntza teknikoaren eta Nazio Batuekin batera egindako jardunaren bidez, ICDPk gogor lan egiten du exekuzioak prebenitzeko, jokabide bidegabeak eta arbitrarioak ezabatzeko, heriotza-zigorraren alternatibak proposatzeko eta sistema penal bidezkoagoak eta humanitarioagoak sustatzeko".
Batzordeak heriotza-zigorraren aurka hartutako konpromisoa "lehen giza eskubidearen aldeko alegazio irmo eta argia da, bizitzeko eskubidearen aldekoa", epaimahaiaren arabera.
Erakundearen izenean, Marta Santos Paisek jasoko du saria, abenduaren 11n egingo den ekitaldian. Santos Pais Haurren aurkako Indarkeriari buruzko Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren ordezkari berezia izan zen 2009 eta 2019 artean.