Politika -
HAUTESKUNDEAK
Urkulluk esan du ez duela erabaki Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak noiz egingo diren
Lehendakarigai izateko EAJren zuzendaritzak proposatu duen Imanol Pradalesek oinarrien babesa jasoko duen itxaropena agertu du Iñigo Urkulluk.
AGENTZIAK | EITB Media
Iñigo Urkullu EAJren hurrengo lehendakarigaia izango ez bada ere, berari dagokio hauteskundeen data erabakitzea. Azaldu duenez, oraingoz ez du erabaki 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak noiz egingo diren, ezta aurreratu egingo dituen ere. Bestalde, Imanol Pradales lehendakarigai izateko EAJren zuzendaritzak proposatutako hautagaiak oinarrien babesa jasoko duen itxaropena agertu du Iñigo Urkulluk.
Bilboko Bizkaia Aretoan gaur goizean egin den ekitaldian eta kazetarien galderei erantzunez nabarmendu duenez, gaur gaurkoz ez dauka datarik buruan. Horren esanetan, egunerokotasunari eutsi nahi dio, "oraindik asko baitaukagu egiteke".
Legegintzaldia uztaila hasieran amaituko da, covid-19ak eragindako pandemiaren eraginez 2020ko hauteskundeak udan egin zirelako. Halaber, datorren urtera begira bada beste hauteskunde hitzordu bat, ekainean egingo baitira Europako hauteskundeak.
Zuzendaritzak lehendakarigai izateko proposatu ez badu ere bere burua aurkeztuko ote duen galdetuta, ezetz erantzun du, ezta Imanol Pradalesek babes nahikorik lortuko ez balu ere. Aitzitik, proposatutako hautagaiak oinarrien babesa jasoko duela uste du Urkullu lehendakariak.