Politika -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Gorrotxategik dio "gaizki" jaioko dela Hezkuntza Legea eta beharko lukeela Legebiltzarraren % 91ren babesa

Elkarrekin Podemos-IUko Eusko Legebiltzarreko bozeramailea penaz bizitzen ari da Hezkuntza Legea egiten ari den bidea. Bestalde, 2024ko EAEko hauteskundeei begira, Imanol Pradales hautagai "kontinuista" dela iritzi dio eta ez du uste Arnaldo Otegi hautagai ez izateak botoak kenduko dizkienik.

Miren Gorrotxategi Euskadi Irratian
Miren Gorrotxategi Euskadi Irratian
Miren Gorrotxategi Euskadi Irratian

play icon 23:11

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itxura guztien arabera, EAEko Hezkuntza Legea EAJren eta PSE-EEren botoekin onartuko da. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen hitzetan, "gaizki" jaioko da legea, uste baitu beharko lukeela Gasteizko ganberaren % 91ren babesa, edo beste era batera esanda, hezkuntza ituna sinatu zutenen onespena. Hezkuntza akordiotik legea idazterako bidean, ordea, Elkarrekin Podemos-IU eta EH Bildu bereizi egin dira.

Bestalde, 2024ko EAEko hauteskundeei begira, Imanol Pradales EAJren zuzendaritzak proposatutako hautagaia "kontinuista" dela iritzi dio Iñigo Urkulluren asmo politiko bera defendatzen duelakoan. Halaber, Arnaldo Otegi EH Bilduren lehendakarigai ez izateak ez du uste koalizio moreari botoak kenduko dizkionik. Are gehiago, hauteskunde oro egoten diren boto mugimenduak beraien mesederako izatea espero du.

Voxek aurkeztuko duen lehendakarigaia ezagutu zain, Miren Gorrotxategi da hautagai gisa errepikatu dezakeen bakarra. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, berak bere hautagaitza aurkeztu du proiektua politikoak ilusioa eragiten diolako, eta koalizio berri eta handiago horren bozeramaile izan nahiko luke. Orain arte Podemos eta Ezker Anitza alderdiek osatutako koalizio horretara Equo gehituko dela aurreratu du, eta Sumar alderdia ere gehitzea gustatuko litzaioke. Sumarrekin negoziazioak nola dauden galdetuta, EAEn giroa hobea dela eta elkarrekin aurkezteko aukera gehiago daudela azpimarratu du.

Eneko Andueza lehendakarigai sozialistari ere zuzendu zaio, atzo, besteak beste, esan baitzuen ez dutela EH Bilduren hautagaia lehendakari egingo. Horren aurrean, alternatiba EAJren ereduari jarraipena ematea ote den galdetu du Gorrotxategik. Izan ere, Anduezak atzo adierazi zuen EAJren eredua "agortua" dagoela eta "porrot" egin duela.

Halaber, EH Bildu Hezkuntza Legetik kanpo gelditzea albiste ona dela esatea Anduezaren aldetik "axolagabekeria" dela uste du Gorrotxategik.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Heziberri hezkuntza plana EAEko hauteskundeak 2024 Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Euskadi Irratia Hauteskundeak Miren Gorrotxategi