Politika -
Jorge Fernandez Diaz
'Denborak arrazoia eman digu ETArekin negoziatu ez genuenoi'
Barne ministroak berretsi du ETA desegin arte ez dutela bertan behera utziko sakabanaketa.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak nabarmendu du ETAren indarkeriaren amaiera "atzeraezina" dela, eta denborak "arrazoia" eman diela erakunde terroristarekin ez negoziatzea defendatu zutenei.
EFE agentziak egindako elkarrizketa batean, Fernandez Diazek gainbegiratua eman die ETAk indarkeriaren amaiera iragarri zuenetik igaro diren 10 hilabateei. Hori horrela, ministroak adireazi du Poliziak, Guardia Zibilak eta Espainiako gizarteak "garaitu" egin dutela ETA.
"ETAren indarkeriaren amaiera atzeraezina da, eta orain onartu egin behar du garaitua izan dela. Ekintzak bertan behera utzi baditu, orain desegin egin behar da", gaineratu du.
Negoziazioaren aurrean, ministroa 80ko hamarkadan Italiako Brigada Gorriek jarraitu zuten prozesuaren alde agertu da, hau da, desegitea eta birgizarteratze neurriak onartzea.
Birgizarteratze plana
Horren haritik, Fernandez Diazek aitortu du presoak birgizarteratzeko planak "denbora" beharko duela, neurri kolektiborik izango ez dela onartu arte. "Denbora eman behar zaie presoei, negoziaziorik izango ez dela aitor dezaten. Aurkakoa pentsatzea utopia da", agertu du.
Bestalde, ministroak berretsi du ETA desegin arte ez dutela bertan behera utziko sakabanaketa.