Politika -

Geneva (Suitza)

PSOE eta Junts larunbat honetan bilduko dira aurrenekoz nazioarteko egiaztatzailearekin

Bi alderdietako inork ez ditu bileraren xehetasunak baieztatu nahi izan, baina litekeena da Henry Dunant zentroak, ETAren amaieraren negoziazioetan parte hartu zuen erakunde berak, egiaztatzaile rola betetzea.

Puigdemont eta Cerdan inbestidura akordioaren negoziazioan. Artxiboko argazkia: EFE
Puigdemont eta Cerdan inbestidura akordioaren negoziazioan. Artxiboko argazkia: EFE
Puigdemont eta Cerdan inbestidura akordioaren negoziazioan. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEk eta Juntsek lehen bilera egingo dute larunbat honetan, bi alderdiek inbestidura akordioa sinatu ostean. Bertan, amnistia legea adostu zuten, eta horrek Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatzea ahalbidetu zuen.

Bi alderdietako inork ez ditu bileraren xehetasunak baieztatu nahi izan, baina litekeena da Genevan (Suitza) egitea eta Henry Dunant elkarrizketa humanitariorako zentroak (ETAren amaieraren negoziazioetan parte hartu zuen erakundea) betetzea nazioarteko egiaztatzailearen rola. Oraingoz ez da ezagutzen lehen batzar honetarako toki zehatza, ezta ordua ere.

Sozialisten ordezkaritzaren buru Santos Cerdan Antolakuntza idazkaria izango da, eta Juntsen aldetik, Jordi Turull idazkari nagusia, Miriam Nogueras Kongresuko bozeramailea eta Carles Puigdemont presidente ohia joanen dira. Bruselan inbestidura akordioa ixteko negoziazioa aurrera eraman zuten pertsona berberak dira.

Cerdan eta Nogueras ostiral honetan iritsi dira Genevako aireportura. Gainera, Junts taldeak Kongresuan duen bozeramailea aireportuan jazarri eta "traidore", "ez itzuli Espainiara" eta "espetxera" oihu artean hartu dute batzuek.

Henry Dunant Zentrotik, telefonoz, ez dute PSOE-Junts bilerari buruzko adierazpenik egin nahi izan, baina ez dute ukatu larunbat honetan euren parte-hartzearekin egingo dutela.

Diskrezioa bermatzeko, Junts alderditik jakinarazi dute ez dagoela aurreikusita agerraldirik egitea, ezta bileraren ostean oharrik bidaltzea ere.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika PSOE Espainia Eguneko albisteak Albisteak Suitza Kataluniako prozesua Junts per Catalunya