Politika -
BILERA SUITZAN
Lehen bilera egin dute Genevan PSOEk eta Juntsek, Francisco Galindo Velez salvadortarra egiaztatzaile dutela
Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariak adierazi du bilera "ondo" joan dela. Topaketaren ostean kaleratutako oharrean, PSOEk eskerrak eman dizkio Galindo Velezi "gatazkaren konponbide politiko eta negoziatua lortzen laguntzeko erakutsitako borondateagatik".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Genevan bildu dira PSOEko eta Juntseko hainbat ordezkari, diskrezio osoz, Sanchezen inbestidura ahalbidetzeko egindako akorioaren bidean lehen urratsak emateko. PSOEk bileraren ostean argitaratutako ohar batean jakinarazi duenez, Francisco Galindo Velez El Salvadorko diplomazialaria nazioarteko egiaztatzaile gisa proposatzea adostu dute bi aldeek.
Galindok larunbat honetako bileran parte hartu du jada, eta PSOEk oharrean eskertu egin dio bere parte-hartzea. Hala dio oharrak: "Bi alderdiok eskertu egiten diogu bere esperientzia gure esku jarri eta gatazkaren konponbide politiko eta negoziatua lortzen laguntzeko erakutsitako borondatea".
Francisco Galindo Velez El Salvadorren enbaxadorea da Kolonbian, eta El Salvadorren enbaxadore izan zen Parisen 2010etik 2015era arte.
Zientzia Juridiko eta Politikoetan lizentziaduna, El Salvadorren abokatu gisa aritzeko baimena du, eta New Yorkeko Unibertsitatean master bat egin zuen 2003an.
ACNUR Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisarioaren ordezkaria izan da Frantzian, Kolonbian, Mexikon, Egipton eta eskualdeko ordezkari laguntzailea Mexiko, Guatemala, El Salvador, Honduras, Nikaragua, Costa Rica, Panama, Kuba eta Belizen 1987tik 2008ra.
"Bilera giro adeitsuan eta lan-giroan egin da, eta aurrera egiten jarraitu dugu"
Bilera amaitu eta gero, Genevako aireportuan harrapatu dute komunikabideek Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkaria. Juntseko ordezkaritzarekin egindako lehen bilera "ondo" joan dela eta giro adeitsuan egin dela esan du Cerdanek. "Ondo joan da, lan-bilera bat izan da, eta ohar bat aterako dugu gero", esan die xehetasun gehiago eskatu dizkioten kazetariei.
Erreferendumari edo aurrekontuei buruz hitz egin duten edo Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak bileran parte hartu duen galdetuta, ez du ezer esan nahi izan. Aurreratu duenez, baina, aurten ez da honelako beste bilerarik izango.
PSOEko Antolakuntza idazkaria bezperan iritsi zen Genevara bilera horretan parte hartzeko, baita Miriam Nogueras Junts per Catalunyako bozeramailea ere. Hainbat iturriren arabera, bilera 10:00etan hasi da, isilpean gorde duten toki batean.
Kazetariek Elkarrizketa Humanitariorako Zentroaren aurrean egin dute guardia goiz osoan, baina bilera ez dute bertan egin.
Yolanda Diaz, PSOE-Junts bilerari buruz: "Errespetatzen dugu"
Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Sumarreko buruak diskrezioari eutsi dio PSOEko eta Juntseko buruzagiek larunbat honetan Genevan egin duten bileraren inguruan, eta "errespetatzen dut" besterik ez du esan.
COP28 goi-bileraren erronkak aztertzeko Madrilen erakunde ekologistekin bildu aurretik, Diazek argi utzi nahi izan du Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariaren eta Juntseko buruen arteko bilera bi alderdi horien esparruan kokatu behar dela, eta Sumarrek horiek erabakitzen dutena "errespetatu" egingo duela.
PPk bileraren berri emateko eskatuko dio Gobernuari Kongresuko lehen kontrol saioan
Bestalde, Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularreko presidenteak "Gobernua behartzeko edozein mekanismo parlamentario" aktibatzeko eskatu die Kongresuko, Senatuko eta Europako Parlamentuko bozeramaileei. Gaineratu duenez, Kongresuan Gobernua kontrolatzeko lehen osoko bilkura "une egokia izango da informazio hori eskatzen hasteko".
Bileraren edukia, gai-zerrenda, lortutako akordioak eta "ezkutatzen hainbeste ahalegintzen diren nazioarteko bitartekarien nortasuna" azaltzea nahi du PPk.
Feijoo amnistia legearen aurkako protesta batean izango da, gainera, igande honetan Madrilen, Debodeko Tenpluan.