Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Sumarrek ez ditu Podemos eta Aliantza Berdea "errespetuarekin tratatu", Lopez de Uralderen ustez
Koalizio moreko diputatu izandakoak azpimarratu du bere alderdia EAEko hauteskundeetara aurkeztuko dela, eta horretarako "aliatuak" bilatuko dituela.
Agentziak | EITB Media
Juantxo Lopez de Uralde Aliantza Berdeko koordinatzaile federalaren ustez, Sumar "ez da koalizioa ondo kudeatzen ari" eta ez ditu Podemos eta Aliantza Berdea "merezi duten errespetuarekin tratatu". Era berean, EAEko hauteskundeak hizpide, nabarmendu du bere alderdia aurkeztu aurkeztuko dela, eta horretarako "aliatuak" bilatuko dituela.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, ez da harritu Podemosek Sumar utzi eta Kongresuko Talde Mistora igaro delako, eta Yolanda Diazen alderdiaren kudeaketari egotzi dio banaketa. "Koalizioetan espazioa utzi behar zaie alderdiei, eta bakoitzak ekintza politikorako aukera izan behar du. Hori da koalizio baten muina, alde guztiak errespetatzea", azaldu du.
Behin zatiketa gauzatuta, EAEn Elkarrekin Podemos eta Sumarren arteko koalizio bat posible ote den galdetuta, erantzun du "giro aproposa lortzeko errespetua" egon behar dela alderdi guztien partetik.
Ildo beretik, horren arabera, Aliantza Berdea bozetan izango da, eta aliatuak bilatzen ari direla azpimarratu du. Horren esanetan, "hartu-emanetan hasi baino ez gara egin" eta "gauzak ez doaz niri gustatuko litzaidakeen bezain arin".