Politika -

BILERA

Olatz Garamendi: "Hilaren 19an bilduko naiz ministroarekin, lehen hiru transferentziei buruz hitz egiteko"

Autogobernu eta Gobernantza Publikoko sailburuak espero du hiru eskualdatzeak (Aldiriko trenak, unibertsitate-tituluen homologazioa eta migrazio-prozesuei buruzkoa) adostutako hiru hilabeteko epean sinatu ahal izatea.

Olatz Garamendi, orain dela gutxiko agerraldi batean.
Olatz Garamendi, orain dela gutxiko agerraldi batean.
Olatz Garamendi, orain dela gutxiko agerraldi batean.

play icon 13:43

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jarri dute hiru transferentzia Eusko Jaurlaritzari eskualdatzeko bilerarako data. "Datorren asteartean izango da, abenduak 19", azaldu du Olatz Garamendi Autogobernu eta Gobernantza Publikoko sailburuak. "Egun horretan ministroarekin bilduko naiz", esan du Angel Victor Torres Lurralde Politikako ministro berriari erreferentzia eginez.

Mahai gainean egongo diren hiru gaiak hauek dira: Aldiriko tren zerbitzua, unibertsitateko tituluen homologazioa eta migrazio-prozesuak. "Azken ukituen faltan, lehenengo biak oso aurreratuta daude", aurreratu du Garamendik, "eta hirugarrenaren inguruan, berriz, proposamen bat eramango dugu bilera horretara". Nolanahi ere, sailburuak espero du hiru eskualdatzeak Transferentzien Batzorde Mistoan adostutako hiru hilabeteko epean sinatzea.

Bestalde, oraindik ez dago Aldebiko Lankidetza Batzordearen bilerarako datarik, eta bertan Estatuko Etxebizitza Lege berriaz hitz egin beharko litzateke. Garamendik esan du akordiorik ez badago, errekurtsoa jarriko dela lege horren aurka,"eskumenak inbaditzeagatik".

Azkenik, Garamendik defendatu du Eusko Jaurlaritza ez dagoela "deskontu garaian". "Egunez egun dena ematen jarraitzen dugu", esan du, "lehen eguneko ilusio berarekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak