Politika -

Gernikako Estatutua

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak gaur helduko diote berriro eskumenen negoziazioari

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik 20 bat eskumenen transferentzia prozesua bukatzearen garrantzia adierazteko asmoa du batzarrean.

Olatz Garamendi sailburua Isabel Rodriguez Lurralde Politikarako ministro ohiarekin. Argazkia: EFE
Olatz Garamendi sailburua Isabel Rodriguez Lurralde Politikarako ministro ohiarekin. Argazkia: EFE
Olatz Garamendi sailburua Isabel Rodriguez Lurralde Politikarako ministro ohiarekin. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak bilera egingo dute gaur, Euskadiri eskumen berriak eskualdatzea negoziatzeko.

Angel Victor Torres Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroak eta Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak lehen batzarra izango dute Madrilen, lehenengoak kargua hartu zuenetik.

Garamendik burutzeke dauden 20 bat eskumenen transferentzia prozesua amaitzearen garrantzia adierazteko asmoa du. Prozesu hori aldiriko trenen, atzerriko unibertsitate-tituluak homologatu eta parekatzearekin eta migratzaileak hartzeko sistemarekin hasiko da.

Hiru gai horiek berariaz jasota daude PSOEk eta EAJk itxitako Pedro Sanchezen inbestidura akordioan. Dokumentu horretan, hiru hilabeteko epea ezarri zen akordioa gauzatzeko.

Hiru gai horiez gain, Torresen eta Garamendiren arteko lehen bileran, burutzeke dauden beste eskumen batzuen negoziaziorako lehen pauso bat eman daiteke.

Aldiriko trenen eskumenak eta atzerriko unibertsitate-tituluak baliozkotzeko transferentziak duela hilabete batzuk hasi ziren lantzen bi gobernuen artean, eta hirugarrena, migratzaileei harrera egitekoa, beste fase batean dago.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Andoni Ortuzar EBBko buruzagiak joan den azaroaren 10ean sinatutako inbestidura itunean, bi urte baino lehen eman gabe dauden eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoari transferitzeko konpromisoa ezartzen zen.

Akordio horretan adostu zen, halaber, aldebiko batzorde iraunkor bat sortzea Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, transferentzien prozesua betetzen dela zaintzeko. Batzorde horrek gutxienez bilera bat izango du sei hilean behin, Sanchez eta lehendakaria buru direla. Astearte honetako bileran, aldebiko batzorde horren xehetasunak ere azter litezke.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eusko Jaurlaritza EAE gaur Espainiako Gobernua Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Gernikako Estatutua