Politika -
Radio Euskadi
EAJk eta PSE-EEk berretsi dute oposizioak ez zuela aurrekontuak adosteko "borondaterik"
EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk, berriz, "inertzia eta kontinuismoa" ikusten dute "betikoa" diren aurrekontuetan.
agentziak | eitb media
EAJk eta PSE-EEk berretsi dute oposizioak ez duela "borondaterik" izan datorren urteko EAEko aurrekontuak adosteko garaian. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk erantzun dute "inertzia eta kontinuismoa" zeriela kontuei.
Radio Euskadiko "Parlamento en las ondas" saioan, EAJren eta PSE-EEren babesarekin soilik onartu dituzten 2024ko aurrekontuak izan dituzte hizpide, beste gai batzuen artean.
Aitor Urrutia EAJren legebiltzarkideak azpimarratu du PSE-EErekin egindako gobernu-akordioa betetzeko aurrekontuak direla, eta "politika sozialetarako 10.000 milioi euro baino gehiago" bideratu dituztela.
Horren esanetan, aurrekontuak onartzeko prozesua "ohikoa" izan da, eta "hasieratik" ikusi dute "akordioak lortzea zaila izango zela". "Akordioak adosteko borondate falta egon da, eta ereduak aurrez aurre daudela irudikatu nahi izan dute. Azken aurrekontuak ziren, gehiengo osoa genuen, eta norberak bere kartekin jokatzen du", gehitu du.
EH Bilduko Mikel Oterok erantzun dio "EAJk nahi izan ez duelako" ez dela egon negoziaziorik. Oteroren ustez, Jaurlaritzak "ez du inor erakartzeko gaitasunik izan", eta "oposizioaren proposamenak errefusatu ditu". "Betikoa dira; diru gehiago, diru gehiago bildu delako, baina ideia berririk gabe. Egiturazko arazoek hor jarraitzen dute", kritikatu du, eta Jaurlaritzak hasiera-hasieratik "ez du negoziatzeko inolako interesik izan", erantsi du.
Gloria Sanchez PSE-EE gobernukideko legebiltzarkideak aitortu du ez direla sozialistek euren kasa aurkeztuko lituzketen aurrekontuak, baina "gobernu-programan adostutako lehentasunak" jasotzen dituela esan du.
Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos-IUko kideak ohartarazi duenez, "aurrekontuak ez dira soilik pisuaren arabera neurtzen", "diseinatzen ari diren herrialde ereduaren arabera" baizik.
Azkenik, Carmelo Barrio PPren legebiltzarkideak esan du aurrekontuak "kontinuistak" direla, eta, horren hitzetan, "ez dira egokitzen gaur egungo behar eta testuingurura".